AKTUALITATEA


| 2022-06-14 10:12:00

Araba | 2022-06-14. EH Bildu Araba batzarkide taldeak tokiko entitateen finantzaziorako foru araua aldatzeko proposamena erregistratu du gaur Arabako Batzar Nagusietan, besteak beste, kontzejuek eta udalek urteroko diru kopuru finkoa izan dezaten, azpiegitura eta funtzionamendu gastuetarako.

Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduren bozeramaileak eta Javier Argote batzarkideak egindako prentsa-agerraldian azaldu dute arauaren moldaketaren garrantzia. «Lurralde Oreka sustatzea eta garatzea ezinbestekoa da Araban» eta, ildo horretan, «errekurtso nahikoak izango dituzten toki erakundeak, kuadrillak, udalak eta kontzejuak behar ditugu», esan du Fernandez de Pinedok. Pertsonengandik hurbilen dauden erakundeak «sendoagoak eta ahaldunduagoak» izatea ezarri du helburu gisa.

Javier Argotek eman ditu moldaketaren xehetasunak. Kontzejuek urtero diru kopuru finkoa jasoko lukete administrazio-azpiegitura gastuetarako. Azaldu duenez, egungo arauak 25 urte ditu, eta 1997an onartu zenean, gastu horietarako kopuru finkoa ezarri zen udal eta kuadrilletarako, baina ez zen halakorik onartu kontzejuetarako: «Arauak izan dituen aldaketa puntualak gorabehera, inoiz ez da izan kontzejuekiko bidegabekeria honekin amaituko duen aldaketa bat planteatzeko unea», adierazi du Argotek.

Foru arau proposamenak udaletarako diru kopuru osagarria ezartzea ere jasotzen du, udal bakoitzak bere gain hartzen dituen zerbitzuen arabera, biztanle kopurutik abiatuta.

Aldarrikapen historikoa

Fernandez de Pinedok gogora ekarri du aurreko legealdian Foru Gobernuarekin adostutako 2017ko aurrekontu hitzarmenean lortu zutela toki erakundeen finantzazioa 0,5 puntu igotzea, eta baita Foru Gobernuaren konpromisoa ere, hurrengo urteetan bide horretan sakontzeko eta finantzazio sistema eguneratzeko. Aitzitik, bide horri ez dio heldu Gobernuak.

Joan den legealdian, halaber, gaiari buruzko ponentzia osatu zen, eta bertan parte hartu zuten aditu eta alkateek nabarmendu zuten beharrezkoa zela halako finantzaketa eredu berri bat, administrazio-funtzionamendu egokia bermatzeko. «Gaurkoan ponentzia horretan behin eta berriz entzundako eskaera ekartzen dugu toki erakundeen finantzazio sistema hobetzeko eta handitzeko. Foru Gobernuari eskatzen diogu eztabaidari bidea ematea Batzar Nagusietan. Kontrakoa ez genuke ulertuko», amaitu du Fernandez de Pinedok.