Kezkaz ikusten du Arabako Foru Aldundiak lurralde antolamenduan duen eskumenaren inguruan erakusten ari den utzikeria
Araba. 2024-01-26 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak Solariak jarri nahi dituen instalazio fotovoltaikoei buruzko informazio zehatza eskatu du. Izan ere, hedabideen bitartez jaso du enpresak 1.800 MW sortzeko instalazioak jartzeko asmoa duela eta horietako asko Araban egongo direla.
Zalantzak argitzeko, EH Bilduk idatzizko galderak erregistratu ditu Batzar Nagusietan, alde batetik, jakiteko ea Arabako Foru Aldundiak bazuen proiektu horien berririk, eta izatekotan, informazio osoa eskuratzeko. Eta bestalde, EH Bilduk instalazio fotovoltaiko horien kokapen zehatza ezagutu nahi du, baita aferari buruz Aldundiak izan dezakeen edozer informazio edo dokumenturen kopiak eskuratu ere.
Izan ere, EH Bilduk kezka handiz ikusten du Arabako Foru Aldundia ez dela betetzen ari lurralde antolamenduan duen ardura. Ondorioz, instalazioen zabalpena «kaotikoa» izaten ari da eta enpresen esku utzi dute instalazio horien kokapena.
EH Bilduren ustez Arabako Foru Aldundiaren utzikeriak ekarri du «lurraldea zatika saldu eta lurrarekin espekulatzeko aukera ematea, Araba Monopoly erraldoia izango balitz bezala».
Eusko Jaurlaritzaren arduraz ere hitz egin du EH Bilduk: «Gobernuak plangintza eta planifikazio zehatzik gabe jarraitzen du. Izan ere, oraindik ez da onartu energia berriztagarrien hedapena ordenatu eta antolatu behar duen plan sektoriala».
EH Bilduk trantsizio energetiko ordenatu, adostu edo orekatu baten aldeko apustua berretsi egiten du beste behin ere. Izan ere, «aldaketa klimatikoari aurre egiteko trantsizio energetikoak ez du alternatibarik eta gero eta premiazkoagoa da trantsizio horri ekitea, hala ere gobernuaren planifikazio eza eta utzikeria enpresen interesen araberako zabalpen kaotikoa ahalbidetzen ari da. Eta horrek herritarren artean kezka eta kontrakotasuna areagotu baino ez du egiten», esan du EH Bilduk.