AKTUALITATEA


| 2025-05-23 09:35:00

Aldundiari anbizioa eskatu dio Arabako hondakinen bilketa eta tratamendurako planaren helburuen garapena eta betetzea bizkortzeko, eta hainbat arlotako jarduketak proposatu ditu

Araba. 2025-05-23 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Hondakinak Bildu eta Tratatzeko Foru Plana aplikatzeko «anbizio handiagoa» eskatu dio Gobernuari. Ruth Ibisate EH Bilduko batzarkideak plan horretan zehaztutako helburuak betetzeko «azeleradorea zapaltzea» eskatu dio diputatuari.

Gaur aurkeztu da hondakinen planaren betetze-mailaren balorazioa Arabako Batzar Nagusietako Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun Batzordean, eta EH Bilduk «ilusiotzat» jo ditu diputatuak emandako datuak. «Gu ez gara hain baikorrak, eta uste dugu berandu gabiltzala eta beharrezkoa dela planaren garapena bizkortzea, ezarritako helburuetara iristeko. Eta ez dugu guk esaten, zuek argitaratutako txostenak esaten du. Datuak oso argiak eta esanguratsuak dira», adierazi du Ruth Ibisatek.

Egoera horren adibide gisa, Ibisatek esan du planaren 10 helburu estrategikoetatik garrantzitsuenak ez direla bete, hala nola biohondakinaren berrerabilpena eta birziklapena areagotzea. Izan ere, datozen urteetarako proposatutako helburuetatik oso urrun gaude.

Bilketa-sistema eta proposamenak

Ibisatek, gainera, zalantzak agertu ditu hondakinak biltzeko moduari buruz; izan ere, kantitate gutxiago bildu arren, zatika bereizi gabe biltzen jarraitzen da. «Datuek horietan dago gure kezkaren gakoetako bat. Hondakinen % 61 nahastuta biltzen dira oraindik, hondakinen % 39 bakarrik biltzen da bereizita. Eta horrek nabarmen zailtzen du hondakinen eta birziklatzearen hierarkiari egokitutako tratamendua; izan ere, nahastutako hondakinen % 5 baino ez da birziklatzen. Gutxiago biltzen da, bai, baina gaizki biltzen da», adierazi du Ibisatek.

Kritiketatik haratago, EH Bilduk lau ildo proposatu ditu Planaren helburuak eta Europak ezartzen dituenak betetzeko: «Konpostaje komunitarioa eta autokonpostajea bultzatu behar dira, eta nekazaritza lurretan berrerabili ahal izateko apustua egin». Ildo horretan, Ibisatek kritikatu du emaitza txarren konponbidea ezin dela mugatu konpostaje-planta berria eta tamaina handikoena eraikitzera: «Errefusa zatiaren % 80 baino gehiago konpostagarria izan daitekeen bitartean, zalantza dugu planta hori konponbidea ote den. Jatorrizko bilketa hobetzeko neurriak jarri behar dira».

Konpostajeaz gain, Ibisatek proposamen gehiago egin ditu: «Hurbiltasun eredu baterantz jo behar dugu, adibidez, eskualde ezberdinetan konpostatze plantak ezarriz, kudeaketa eredu zentralizatu batetik ihes eginez. Emaitza ona ematen duten proiektuak errepikatu behar dira, hala nola Kripan eta Eltziego, atez ateko bilketa-ereduari esker, bereizita biltzeko kopururik onenak eskaintzen baitituzte. Eta ontziei dagokienez, Araba osoan SDDR sistemak ezartzearen aldeko apustua egin behar da, Europak proposatzen duen bezala», ondorioztatu du.