AKTUALITATEA


| 2023-12-06 10:52:00

EH Bildu San Frantzisko Asiskoaren eliza izandakora eta martxoaren 3ko memoriala hartu duen eraikinera hurbildu da, eraikinak jasaten duen "narriadura larria" salatzeko. Rocio Vitero eta Iñaki Ruiz de Pinedok erakutsi dutenez, kanpotik erraz ikusten dira eraikinak dauzkan arazoak: gero eta teila gehiago erortzen ari dira, itoginak daude, hezetasun arrastoak antzematen dira eta zikinkeria pilatzen da inguruan. “Gotzaindegiak, azkenean, fundazioari erortzear dagoen eraikin bat emango dio”, aipatu du EH Bilduk.

Egoera honen aurrean, erakundeei martxoaren 3ko Fundazioa sortzeko izapideak azkartzeko eta, bitartean, Gotzaindegia eraikin horren gutxieneko mantentze lanak egitera behartzeko eskatu die EH Bilduk. "Martxoaren 3ko biktimen memoriak ez du merezi eraikin bat egoera tamalgarri honetan", adierazi du Rocio Vitero EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak.

Bestalde, Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduk Madrilgo Kongresuan duen diputatuak gogorarazi du ez dela berria eraikin horrek, mantentze-lan faltagatik, egiturazko arazo larriak dituela. Hala jaso da Eusko Jaurlaritzak eskatutako txosten arkitektoniko batean. Txosten horren arabera, memoria-gunea sortu aurretik 1.2 eta 1.5 milioi euro arteko inbertsioa egin behar zen.

Horregatik, Madrilgo aurrekontuen negoziazioaren ondorioz, EH Bilduk 600.000 euroko aurrekontu-partida bat sartu zuen lan horien zati bat finantzatzeko eta memoria-zentroaren sorrera bizkortzeko. Baina fundazioa ez da sortu eta, beraz, lan horiek geldirik daude. "Gure ustez, lan horiek azkartu egin behar dira, eta eraikinaren egiturazko kalte horiei berehala heldu", esan du Ruiz de Pinedok.

Azkenik, gogorarazi dute inplikatutako erakunde guztiek (Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak), izendatu dituztela patronatuko ordezkariak, baita Martxoak 3k eta Memoria Gara-k ere. "Apezpikutza bakarrik falta da. Ez ditu bere ordezkariak izendatu, erakundeei xantaia egiten die eta bitartean bere erabateko utzikeriak eraikin honek gero eta itxura txarragoa du", nabarmendu dute.