Zaharren egoitzak itunpetzea arautzeko aukera baztertuko du Foru Gobernuak. Izan ere, egoitzak kontzertatzeko foru-araua eztabaidatzeari ere uko egin diotela salatu dute gaur egindako prentsa-agerraldian Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak eta Claudia Venceslao batzarkideak. Salatu dutenez, eztabaidarako ere onartu ez izana “gobernantza moduaren adierazgarria” da.
Agerraldian, Foru Gobernuaren “joera pribatizatzailea” salatu dute: “Azken 25 urteetan irauli egin da plazen banaketa publiko-pribatua, % 70-% 30ekoa izatetik, eredu publikoaren alde, gaur egungo plaza pribatuen % 65era”.
Proposamena eztabaidarako ez aurkezteko argudioen aurrean, Claudia Venceslao batzarkideak esan du EH Bilduk hiru mozio aurkeztu dituela azken urteetan eta, beraz, ezin zaiela leporatu proposamenarekin Foru Aldundiaren eskumenetan injerentzia egin izana. Eusko Jaurlaritzak argitaratu beharreko dekretu batekiko kontraesanak sortzea da beste argudioetako bat: Venceslaok adierazi du 13 urteko atzerapena daramala dekretu horrek; bitartean, “zentro pribatuen egoerak, hobetu baino, okerrera egiten jarraituko du”.
Baldintzak hobetzeko
Joan den irailean aurkeztu zuten zaharren egoitzak itunpetzeko foru-arau proposamena, aldez aurretik sindikatu eta eragileekin bilera-sorta egin ondoren: haien ekarpenekin osatu zuten. Helburu argia du proposamenak: egoiliarren bizi-baldintzak eta langileen lan-baldintzak hobetzea; izan ere, Bizkaiak eta Gipuzkoak badute horri dagokion araudia, baina Araban, ordea, ez dago horrelakorik.
EH Bilduko batzarkideek argi dute sistema publikoaren aldeko apustua egin behar dela ildo horretan, baina egungo egoeran, itunpetze sistema hobetu beharra ere agerikoa da euren ustez. Horretarako, beharrezkotzat jo dute “eztabaida, eta adostasunak bilatzea”.