AKTUALITATEA


| 2023-03-27 11:02:00

EH Bilduk salatu du Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoak uko egiten diola Gizarte Zerbitzuei buruzko 2008ko Legearen helburuari, hau da, gizarte-zerbitzuak ongizate-estatuaren laugarren zutabe bihurtzea, osasunarekin, hezkuntzarekin eta gizarte-segurantzarekin batera. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailak egindako plan berriak, Eva López de Arroyabe batzarkide eta Arabako Foru Aldundirako EH Bilduren hautagaiak adierazi duen bezala, «2008ko legearen oinarriari uko egiten dio, bere ez-betetze jarraituari eusten dio, eta uneko administrazioaren erabakien araberako arretaren sistema desorekatu bat betikotzen du. Plan honek ez ditu Euskal Sistema baten oinarriak finkatzen. Estaldura, arretaren kalitatea bizi zaren lekuaren eta Udal edo Aldundiak herritarrentzat nahi dituen gizarte-politiken araberakoa izango da. Hau da, bizi zaren udalerriaren arabera, gizarte-zerbitzu batzuk edo beste batzuk izango dituzu».

Bestalde, Rocio Vitero Gasteizko alkategaiak adierazi duenez, «Artolazabalek Gizarte Zerbitzuetako sailburu kargua hartu zuenean, ziurtatu zuen bere agintaldian gizarte-zerbitzuak garatuko zituela. Legatuak, aldiz, legean aurreikusitako Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren amaiera dakar. Eusko Jaurlaritzak Artolazabalen zuzendaritzapean prestatu duen plan estrategikoak atzerapauso historikoa dakar eskubide sozialei dagokienez, eta etorkizunean arretaren kalitatea mehatxatzen du Gasteizko eta Arabako adineko guztientzat. Hau guztia, PSEren isiltasun konplizearekin eta jarrera guztiz akritikoarekin».

Adibiderik nabarmenena egoitza-arretan gertatzen dena da. 2019an, 65 urtetik gorako biztanleentzako benetako estaldura (egoitza publikoetako asistentzia) Araban %1,5ekoa zen, eta Gipuzkoakon, berriz, ia bikoitza. Orain Artolazabalen sailak proposatu duen planak joera hori etorkizunean ere mantenduko dela ezartzen du. «Hau da, Gipuzkoan bizi bazara, errazago izan ahalko duzu plaza publiko edo itunpeko bat Araban baino. Izan ere, hemen, ziurrenik, adinekoentzako arreta hori zerbitzu-txeke baten bidez ordainduko da, Zerbitzuari Lotutako Prestazio Ekonomiko ospetsuen bidez. Izan ere, planaren arabera, txekeen erabilera Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zatitzat hartzea nahi da. Txeke horiek arreta-plazen baliokide bihurtzen dira plan honetan, eta, azken finean, ziurtatzen dute txeke hori emanda herri-administrazioek gizarte-zerbitzuetarako eskubidea bermatu dutela. Hori oso arduragabea da», ziurtatu du López de Arroyabek.

 

 

Hala, batzarkideak berak salatu du txeke horien bidez finantzatutako plazak Gizarte Zerbitzuen Legeari egindako iruzurra direla, «zaintzan desberdintasunak sortzen dituztelako, eta soilik EAJk eta PSEk Araban garatu duten pribatizazioaren bidean sakontzen dutelako, eta hori ezin dugu onartu. Plan honek bere profesionalen lan-prekarietatean eta hobetzeko tarte handia duten zaintzetak baino ez ditu eskaintzen eta iraunarazten».

Bestalde, Viterok gogorarazi du txeke eta laguntzen erabilera orokorrak, arretarako plaza publikoak sortu beharrean, ondorio larriak dakartzala. «Txeke-ereduaren aldeko apustuak esan nahi du egoitza-arreta publikoa eskaintzetik familia-eremu pribatuaren gaineko zaintza-erantzukizuna eskaintzera pasatzea. Eta hori gertatzen denean, zaintzak baldintza prekarioetan dauden gain erortzen dira edota egoitza pribatu batean, non eskatzaileak plazaren kostuaren %50 baino gehiago ordaindu behar du. Azken batean, plan honek betikotu egiten ditu gizarte-zerbitzuen euskal sisteman dauden desorekak».

EH Bilduk uste du ez dela berandu Gizarte Zerbitzuen Legea onartzeak 2008an ekarri zuen adostasun handiaren oinarriei berriro heltzeko. «EH Bilduk atzerapausorik ez emateko eta plangintzak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman aurreikusitako helburuei leial erantzuteko lan egingo du: arretarako plaza publikoen kopuru nahikoa sortzea, lurralde osoan gizarte-zerbitzu duinak eta kalitatezkoak eskuratzeko aukera unibertsala eta subjektiboa bermatzeko. Hau da, adineko guztientzako kalitatezko, duintasunezko eta hurbiltasunezko arreta. Asko dugu jokoan», ziurtatu du Viterok.

Horrela, EH Bilduk hainbat ekimen aurkeztuko ditu administrazio publikoetan. Gasteizko Udalean mozio bat aurkeztuko du apirilaren 21ean, gizarte-zerbitzuen plangintza orok eskubide sozialetarako sarbide unibertsala eta subjektiboa bermatzeko helburuari erantzun diezaiola eskatzeko. Ildo beretik, Gizarte Politiketako diputatuaren agerraldia eskatuko du Arabako Foru Aldundian.