Oposizioko lehen indar gisa, EH Bilduri hiru batzorde-buru dagozkio, baina EAJk batzorde txikiak proposatu zituen, nagusiak PSErekin eta PPrekin banatu baitzizkioten
Araba. 2023-09-20 | Arabako EH Bildu batzarkide taldeak salatu du EAJk, PSEk eta PPk Batzar Nagusietako batzordeetako lehendakaritzak banatu dituztela talde subiranista kontuan hartu gabe, nahiz eta oposizioko lehen indarra izan.
Eva Lopez de Arroyabe batzarkide taldeko bozeramaileak salatu du EAJk oposizioko lehen indarrari egindako «gutxiespena»: «EAJk ez du ulertu nahi gauzak aldatzen ari direla, eta ezin du Arabako Parlamentuko bigarren indarra alde batera utzi, lehenengotik mila boto eskasera geratu denean».
Lopez de Arroyabek azaldu duenez, EAJrekin harremanetan jarri ziren batzordeetako presidenteak banatzeko proposamenaren berri izateko, baina ordurako dena banatuta zegoen. «Hiru presidentetza eskaini zizkiguten, baina batzorde txikietakoak, nagusiak PSErekin eta PPrekin banatu baitzituzten aldez aurretik. Ez dute ezer negoziatzeko borondaterik izan hasiera-hasieratik, EAJ-PSE-PP paktu hori dela-eta».
EH Bilduko bozeramailearen ustez, EAJren eta PSEren aldebakarreko jarduera hori «aurrekari txarra da legegintzaldiari begira, eta ez dator bat Ramiro Gonzalezek hainbat unetan egindako negoziaziorako eta akordiorako deiekin».