AKTUALITATEA


| 2026-06-30 12:45:00

Trebiñu Araban integratzeko konpromisoa berretsi du gaur EH Bilduk. Trebiñu Araban Integratzearen aldeko Mahaiko ordezkariekin gaur izandako bileran egin du. EH Bilduren izenean, Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetarako idazkari eta EH Bilduko senataria, Ibon San Saturnino EH Bilduko Arabako arduradun politikoa eta Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramailea izan dira.


Bilera hori Integrazioaren aldeko Mahaiak inplikatutako hainbat alderdi politiko eta erakunderekin hasitako bilera errondan kokatuta dago. Organo honek aldarrikapen historiko bati erantzun nahi dio eta enklabeko herritar gehienen borondateari erantzuten ez dion egoera politiko eta administratibo arkaiko batekin amaitu nahi du.


Integrazioaren aldeko Mahaia osatzen duten pertsonek, lurralde historikoan integratzeko nahia berresteaz gain, egoera administratibo horrek egunerokoan eragiten dizkien bidegabekeriak eta arazoak zehaztu dituzte.


Bestalde, EH Bilduk erakunde eta organo eskudun guztietan maila politikoan zein instituzionalean egiten ari den lana zehaztu du. Halaber, integrazioaren sugarra bizirik mantentzeko beharra nabarmendu dute eta, ildo horretan, bide horretan aurrera egitea ahalbidetzen duen edozein ekimenetan laguntzeko eskua luzatuta dutela berretsi dute.


EH Bildu bat dator aldarrikapen historiko honek enklabeko herritarren gehiengoaren apustuari jarraitzen diola, askotan erakutsi duen bezala.