Asiatik datorren espezie inbaditzailea 2025ean ikusi zen lehen aldiz Araban, eta zabaltzeko ahalmen handia duenez, izurritea eremu berrietara hedatuko dela aurreikusten da
Araba. 2026-07-03 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak hainbat prebentzio-neurri eskatzeko mozioa erregistratu du, ezpelaren sitsaren hedapena dela eta. Cydalima perspectalis sitsa Asia ekialdeko espezie natiboa da, eta espezie exotiko inbaditzaile gisa hedatu da Europan. Arazo bat da ezpelarentzat, haren hostiez elikatzen baita hostoak galaraziz, eta landareak pixkanaka ahultzea eragin dezake eta, kasu batzuetan, baita zuhaixka horren azalera zabalak desagertzea ere.
2025. urtean, espezie horren presentzia hauteman zen Lagran eta Bernedo udalerrietan. Ezpelaren sitsaren hainbat foku hurbil daudenez eta sakabanatzeko ahalmen handia dutenez, izurritea Arabako eremu berrietara pixkanaka hedatuko dela aurreikusten da, eta, ondorioz, ezpeldietarako eta horiei lotutako ekosistementzako arriskua areagotzen da.
Ezpelak ekologia-, paisaia- eta ingurumen-balio handia duenez, eta kaltetutako eremuak Natura 2000 Sareko (KBE eta HBBE) eremu babestuen barruan daudenez, beharrezkoa da mehatxu hori behar bezala ebaluatzea eta kudeatzea. Gainera, udalaz gaindiko arazoa denez eta titulartasun desberdineko lursailei eragiten dienez, administrazio eskudunen artean koordinatuta jardun behar da, detekzio goiztiarreko, jarraipeneko eta etengabeko monitorizazioko sistemetan oinarrituta, izurritearen bilakaera ezagutzeko eta kudeaketa-neurri egokienak aplikatzeko.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk eskatu du azterketa tekniko bat egitea 2027ko apirila eta iraila bitartean, Arabako ezpelaren sitsaren banaketa eta eragina zehazteko, baita eremu berrietara hedatzeko arriskua ere. Gainera, izurriaren jarraipen eta detekzio goiztiarreko sistema bat ezartzea ere proposatzen dute, feromonen tranpen eta monitorizaziorako beste tresna batzuen bidez, eta kontrol-neurri egokienak ebaluatzea.
Neurri horiek guztiak tokiko erakundeekin eta inplikatutako eragileekin koordinatu beharko dira, ezpelaren sitsaren hedapenari aurre egiteko prebentzio-, jarraipen- eta jarduera-protokolo komun bat diseinatzeko. Azkenik, EH Bilduk eskatu du eragindako toki entitateei jakinaraztea egindako eta aurreikusitako jarduerak, egon daitezkeen laguntza ildoak eta gainerako administrazio eskudunekiko koordinazioa.