Araba. 2022-12-21 | Arabako EH Bildu batzarkide taldeak proposatu du Guardiako Ardoaren Etxea erreferentziazko zentro bihurtzea berrikuntzan, aholkularitzan eta prestakuntzan upategi txikientzat eta familientzat eta, oro har, mahastizaintzan aritzen direnentzat.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko batzarkideak zehaztu duenez, Ardo Etxea «erreferentziazko zentroa da eskualdean zein lurraldean, eta zerbitzu lider eta aitzindari bihurtu behar da, ikerketa eta berrikuntza lehenesteko eta upategietara eramateko, batez ere bultzada behar duten upategi txiki eta familiarretara».
Lopez de Arroyaberen ustez, bultzada hori upategien egokitzeko gaitasuna handitzean oinarritu beharko litzateke; izan ere, ziurgabetasun ekonomikoko eta larrialdi klimatikoko egoera batean, upategiek ekoizpenean gerta daitezkeen aldaketei aurre egin behar diete etorkizuna ziurtatzeko. Arabako Errioxa bezalako eremu batean, ardoa ekoizteko mundu mailako erreferentea den eremu batean, Aldundiaren aldetik jaso behar dituen zerbitzuek aitzindariak izan behar dute, eta horretarako egoitza bat izanik, I+G+Bko puntako ikerketa-zentro bihurtu beharko litzateke.
Mozioa
Mozioan, EH Bildu Arabak Ardoaren Etxea «ikerketa, berrikuntza, aholkularitza eta prestakuntzako erreferentziazko zentro» bihurtzea eskatu du, «upategi txikiei eta mahastizainei jardunbide egokiak eta trantsizio agroekologikorako tresnak ezartzen laguntzeko, klima-aldaketara egokitzeko eta, horrela, sektorearen erresilientzia bermatzeko», zentroko ordutegiak, zerbitzuak eta protokoloak berrikustearekin batera, «zerbitzu azkarra, eraginkorra eta bidezkoa bermatzeko».
Gainera, eskatu du «ardoaren etxearen funtzioak berregituratzea, horrela zerbitzu hobea emateko», klima-aldaketaren aurrean aholkuak emanez eta prestakuntza emanez, egoera sozioekonomiko berrira egokitzen lagunduz, «jardueraren errentagarritasun soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa ziurtatzeko».