Ponentziaren helburua da kolektibo honek eta bere familiek alderdi garrantzitsuetan jasaten dituzten zailtasunak eta oztopoak identifikatu eta zehaztu ahal izatea, hobekuntzak proposatzeko
Araba. 2025-01-27 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak ponentzia bat sortzea proposatu du, Arabako Batzar Nagusietako talde guztien artean desgaitasuna duten pertsonen uneko egoera zein etorkizuneko arreta hobetzeko helburuarekin.
Ponentzia eskaeraren atarikoan, EH Bilduk argudiatu du datuek diotela desgaitasun egoeraren bat duten pertsonen kopuruak gora egin duela. Hala diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako 2023ko Euskadiko Osasun Inkestak eta Behatuz Gizarte Zerbitzuen Behatokiaren gizarte-egoerei eta -premiei buruzko azken datuek, besteak beste.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu batzarkide taldearen bozeramaileak adierazi duenez, «proposatzen dugun ponentzia honek dibertsitate funtzionala duten pertsonen errealitatearen analisia eta diagnostikoa egiteko balioko luke, beren bizi-ibilbidea garatzeko eremu guztietan, kolektibo honek eta bere familiek alderdi garrantzitsuetan jasaten dituzten zailtasunak eta oztopoak identifikatu eta zehaztu ahal izateko». Diagnostiko hori eginda, ponentziaren helburua da foru erakundeak arretaren erantzuna planteatu eta planifikatzea.
Metodologiari dagokionez, parte-hartze zabalaren aldeko egin du apustu EH Bilduk: «desgaitasunak dituzten pertsonen eta haien familien, profesionalen, Hirugarren Sektoreko erakundeen eta Gizarte Zerbitzuen arloko adituen parte-hartzea izatea planteatzen dugu, eremu hori zuzenean ezagutzen baitute».
Ponentziak urtebeteko epean diagnostikoa eta irtenbideak planteatuko lituzke, EH Bilduren esanetan. «Uste dugu ponentzia bat dela tresnarik erabilgarriena; izan ere, diagnostiko bat egiteko aukera ematen digu, eta Arabako dibertsitate funtzionalaren arretak gaur egun dituen beharrizan eta gabezietarako irtenbideak epe labur, ertain eta luzera planifikatzeko atea irekitzen digu», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.