AKTUALITATEA


| 2022-09-23 11:14:00

Araba. 2022-09-23 | EH Bildu batzarkide taldeak Nekazaritza diputatuari zuzendutako interpelazio bat erregistratu du kontrol osoko bilkurarako. Horren bidez, azalpenak eskatu ditu lurraldean elikagaien eraldaketari lotutako baliabideak ezartzeko eta barne merkatuan merkaturatzeko dituen asmoei buruz. Era berean, Aldundiak nekazaritza-sektoreko ekoizpenak dibertsifikatzeko eta lehengai horietatik eratorritako elikagaien hornidurarik eza saihesteko neurriak hartzeko asmorik duen galdetu du, prezioen igoera neurrigabea ekiditeko.

Interpelazioaren arrazoia da salmenta-establezimenduetan lehengai batzuen hornidura falta. Horretaz gain, lehen sektorea egiturazko krisi sakon batean murgilduta dago oraindik, eta hori Ukrainako gerrak areagotu egin du; ondorioz, kezka piztu da mundu osoan, ez baitago bermatuta datozen hilabeteetan mundu guztiarentzako zereal-hornidura egongo denik. Egoera horri klima-krisia gehitu behar zaio, lurraldean lehorte eta sute gehiago eragin baititzake.

Intentsifikazioa vs. dibertsifikazioa

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko batzarkideak adierazi du Arabatik bertatik elikagaiak ematen jarrai daitekeela: «Ezin dugu ulertu Araba nekazaritzara bideratutako lurraldea izan arren beste toki batzuetako elikagaiekiko dugun mendekotasuna gero eta handiagoa izatea».

Lopez de Arroyabe kritiko agertu da lurraldean nagusi den nekazaritzako elikagaien ereduarekin; izan ere, bere ustez, orain arte intentsifikazioa baino ez da bultzatu, dibertsifikazioaren kalterako, sektorean kalteberatasun handia sortuz. Eredu horrek ezin die biztanleei bermatu bertako elikagaiak bidezko prezioetan erostea. Eredu intentsibo baten aldeko apustuak «agerian uzten du Arabako nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen ahultasuna, bai eta eguneroko erosketan duen kanpoko produktuekiko mendekotasuna ere», esan du Lopez de Arroyabek.