AKTUALITATEA


| 2024-07-12 09:53:00

Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak iazko EPE bateratuaren proba psikoteknikoak baliogabetu ondoren, Arabako Suhiltzaileak Foru Erakundea zein egoeratan geratu duen argitzea ere nahi du EH Bilduk

Araba. 2024-07-12 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko diputatuaren agerraldia eskatu du gaur, suhiltzaileen foru erakundean azken asteetan izan diren arazoei buruzko azalpenak eman ditzan.

Arabako Suhiltzaileak Foru Erakundearen barne egoera gero eta kezkagarriagoa da EH Bilduren ustez. Izan ere, lan gatazka gero eta zakarrago bilakatzen ari da «sindikatuekin negoziazio prozesu serio eta zintzo bati ekiteko Foru Gobernuaren ezintasunagatik eta erakusten duen gehiegizko harrokeriagatik eta agintekeriagatik». Gatazkaren gordintze horren azken kapitulua da sindikatuek uztailaren 15etik abuztuaren 4ra arte deitutako greba, EH Bilduren ustez «Arabako Suhiltzaileak Foru Erakundearen zuzendaritzaren jarreraren errotiko aldaketarekin soilik konpondu daitekeena».

Hori guztia gutxi balitz, auzitegi batek Arkauteko Akademiak antolatutako EPE bateratuaren proba psikoteknikoak baliogabetu izanak are gehiago zaildu du barne egoera. Izan ere, plantilla egonkortzea helburu nagusitzat zeukan EPE bateratu hori, ezer ez konpontzeaz gain, gatazka berrien iturburu bilakatu da, planteamendua hasieratik okerra izan baita. Hala, ezinezkoa da jakitea zertan amaituko den prozesu hori, «baina argi dago ez duela balio izango plantilla egonkortzeko eta, are gutxiago, Arabako Suhiltzaileak Foru Erakundearen egiturazko arazoak konpontzeko».

EH Bildu prest azaldu da erantzukizunez jokatzeko, eta ildo horretan, arduraz jokatzeko deia egin dio Jone Berriozabal diputatuari. «Jone Berriozabali eskatzen diogu seriotasunez eta apaltasunez ekin diezaiola lanari suhiltzaileen ordezkaritza sindikalarekin gutxieneko konfiantzazko marko negoziatzaile bat sortzeko, horrek egungo zuzendaritza taldean aldaketak egitera behartu badezake ere». «Arabako Suhiltzaileak Foru Erakundea arabarron segurtasuna bermatzeko ezinbesteko taldea da, eta EH Bildun krisi luzeegi honen konponbiderako proposamenak egiten jarraituko dugu», adierazi dute EH Bildutik.