AKTUALITATEA


| 2019-06-04 10:42:00

Pasa den hilabetean, ITELAZPIk erantzun ofiziala bidali zien Arabako Batzar Nagusiek otsailaren 27an onartutako mozioa zela-eta. Gogoratu beharra dago mozio hartan batzarkide talde guztiek, EAJ eta PSE izan ezik, eskatzen ziotela Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den ITELAZPI sozietate publikoari jarrera proaktiboa hartu zezala eta oraindik ere euren mendi publikoetan kokatutako telekomunikazio zentroen egoera arautzea lortu ez duten 28 herriri (gehien-gehienak kontzeju txikiak, baliabide juridiko propiorik gabeak) lagundu ziezaiela, lau hilabeteko epean herri horiekin harremanetan jarriz eta ITELAZPIk kudeatzen dituen telekomunikazio zentro horien eta kudeaketa horretatik ITELAZPIk lortutako diru-sarreren informazioa helaraziz, Foru Agindu banaren bidez herriek kobratu beharreko kontraprestazioa ezarri ahal izateko.

 

Tamalez, eta Eusko Jaurlaritzak Arabako kontuak tratatzen dituen ohiko harrokeriaz, pasa den ostiralean ITELAZPIk bidali zuen eskutitz bat Arabako Batzar Nagusiei, bertako lehendakariorde Xabier Patxi Arrieta Goirik sinatuta, non, eskumen banaketa instituzionala aitzakiatzat hartuta eta Batzar Nagusiak dagoeneko jarduerarik gabe daudela aprobetxatuta, hitzez hitz zera dioen: “…ez da egokia Arabako Batzar Nagusien otsailaren 27ko osoko bilkuran hitzartutako 14/2019 Mozioan eskatutakoari arretarik ematea”.

 

EH Bilduk guztiz iraingarria eta onartezina deritzo berriro ere ITELAZPIk Arabako Kontzejuei eta Batzar Nagusiei erakutsitako mesprezua, Arabako medi publikoetan kokatutako telekomunikazio zentroen bizkar sozietate publiko horrek jasotzen dituen diru etekinen zatia mendi horien jabe diren herriei aitortzeko borondate eza ezkutatzen duena. Horrexegatik, eta dagoeneko Batzar Nagusietan inoren ardurarik eskatzerik ez zegoenez, EH Bilduk Arrieta Goiriren jaunaren agerraldia eskatu zuen Legebiltzarrean, mozio hori ez betetzeko arrazoien berri eman dezan. Agerraldi hori bihar izango da.