AKTUALITATEA


| 2023-02-06 11:55:00

Araba. 2023-02-06 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak Bide Berdeen eta Bizikleta Bideen Foru Arau Proiekturako zuzenketak aurkeztu ditu: intermodalitatea sustatzea eta aurrekontua handitzea eskatu du, bizikletaren erabilera integralagoa izan dadin, kirol edota aisialdiko erabileraz harago.

Arau proiektuak bi dokumentu ditu oinarri: alde batetik, Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen Lurralde Plan Sektoriala, Ingurumen Sailarena, eta, bestalde, Bizikletaren Estrategia, Mugikortasun Sailak aurkeztutakoa. Lehena Foru Araua da, eta bigarrena, ez. EH Bilduren iritziz, «bitxia da Aldundiak bi txosten egin izana. Bi sailen artean landu eta aurkezpen bakarra egitea izango litzateke logikoena». Kontuan izan behar da Ingurumen saila EAJren ardurapekoa dela, eta mugikortasuna, aldiz, PSEren esku dagoela.

Foru Arau Proiektuari dagokionez, EH Bilduren ustez, anbizioa falta zaio egiten den planteamenduari, batez ere bi arlotan: alde batetik, ez da lantzen landa-eremuko intermodalitate aukerak bizikletarako, eta bestalde, desoreka handia dago finantzazioan, aisialdirako bide berdeen eta mugikortasunari lotutako ibilbideen artean. Esaterako, ez dago planteamendurik landa-bideak eta partzelarioak bizikletarako egokitzeko eta herrien arteko komunikagarritasuna sustatzeko.

Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Arabako bozeramailearen esanetan, arau proposamena motz geratzen da: «Egiten den proposamena hauxe da: 12 urteetan, guztira 33 kilometroko 10 bide ziklista berri egitea. Interesgarriak dira, baina oso motz gertatzen da gure ustez. Baliabide eta bide gehiago behar dira, eta honekin batera, faltan botatzen dugu planteamendu integralagoa eta osatuagoa, benetan bizikleta ohiko mugimendu tresna bilaka dadin, kirol edota aisialdiko erabileraz harago».