EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bat aurkeztu du Gizarte Ongizateko Batzordean eztabaidatzeko, Foru Aldundiari eskatzeko azterketa bat egin dezala Arabako Foru Aldundiaren tutoretza edo zaintza uzten duten eta osasun mentaleko arazoak dituzten gazteen behar espezifikoei buruz.
EH Bilduk argudiatu du pandemiak lehendik existitzen zen ezkutuko errealitate bat azaleratu duela. Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkideak adierazi du COVID-19aren lehen olatuaren ondoren egindako ikerketek adierazten dutela «herritarren osasun mentala, oro har, eta gazteena, bereziki, gogor kolpatu duela pandemia honek, eta arreta psikiatrikoa behar duten gazteak asko ugaritu direla». Pandemiak, gainera, suizidio eta portaera autolesiboen kopuru oso handiak ekarri ditu kolektibo horretan.
EH Bilduk garrantzitsutzat jo du Arabako gazteen artean arreta berezia jartzea adin nagusitasunera iristean Arabako Foru Aldundiaren zaintza edo tutoretza utzi eta bizimodu independentea hasten duten gazteei. «Gazte horietako askok buruko gaitzen bat eragin dieten bizitza-historia gogorrak jasan dituzte, eta jarraipen trinkoa behar izan dute tutoretzapean egon diren bitartean, baina babesik gabe gera daitezke emantzipatu ondoren», ondorioztatu du Venceslaok.