AKTUALITATEA


| 2023-02-08 12:21:00

Araba. 2023-02-08 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak aurkeztutako mozio bat eztabaidatu eta onartu dute gaur Arabako Batzar Nagusiek, galdara komunitarioak dituzten herritarrei energiaren prezioen igoerari aurre egiteko laguntzak eskatzeko. Talde guztiek babestu dute ekimena.

Mozioan, Diputazioari eskatzen zaio gainerako erakundeekin elkarlanean aritzea galdara komunitarioak dituzten familiei energiaren prezioa ordaintzen laguntzeko, baita trantsizio energetikoan eta deskarbonizazioan sakontzeko ere. Gainera, inflazioari aurre egiteko neurriak osatu eta ezartzea eskatzen zaio Diputazioari, bereziki gizarteko pertsona zaurgarriei bideratutako neurriak.

Horrez gain, mozioak eskatzen duenez, energia berriztagarria sortzeko komunitate energetikoak sortu nahi dituzten herri eta kontzejuei aholkularitza juridikoa emango zaie. Era berean, aldaketa klimatikoa arintzen lagunduko duten instalazioetan inbertitzeko hobariak ematea babesten du mozioak.