«Batzar Nagusiek erabakitakoa ez betetzea» egotzi dio EH Bilduk Gobernuari, Osoko Bilkurak aho batez erabaki baitzuen ebaluazioa batzordean aurkeztea
Araba. 2025-02-13 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Gobernuari exijitu dio Hondakinak Prebenitzeko Arabako Planaren ebaluazioa lehenbailehen aurkezteko, betetze-maila aztertu eta neurri zuzentzaileak hartzeko. Hori dela-eta, Jasangarritasuneko diputatuaren agerraldia eskatu du batzordean, 2019-2022 aldirako balantzearen berri eman dezan.
2024ko maiatzean, mozio bat onartu zen Batzar Nagusietan, eta haren bidez Arabako Foru Aldundiari eskatzen zitzaion bi hilabeteko epean aurkez zezala 2019-2022 aldirako Hiri Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2017-2030 Planaren ebaluazioa, planaren betetze maila ezagutzeko. EH Bilduk salatu du «10 hilabetean denbora nahikoa» izan duela Gobernuak ebaluazio hori dagokion batzordean aurkezteko.
2024ko mozioan Foru Aldundiari eskatu zioten Foru Arau bat aurkez zezala Batzar Nagusiek Plana berrikusteko prozesuan erabakitakoa jasotzeko eta Plana presaz izapidetzeko, talde guztien parte-hartzearekin. EH Bilduk salatu du Gobernuak ez duela bete Batzar Nagusiek maiatzean eskatutakoa «beste behin ere». Ruth Ibisate EH Bilduko batzarkideak salatu duenez, «Gobernuak ez du aurpegia eman nahi, badakielako gauzak ez dela ondo egiten ari. Izan ere, esku artean ditugun datuekin nekez beteko ditugu zehaztutako helburuak», baina batzarkideak salatu duenez «ostrukarena egiteak ez du egoera konponduko». «Gaizki egindakoak aztertu eta batez ere neurri berriak mahai gainean jarri behar ditugu egoerari behar bezala heltzeko», esan du Ibisatek.
Datu negargarriak
Horrekin batera, joan den astean bertan jaso zituen EH Bilduk Diputatuari idatziz egindako galderen erantzunak gaiari buruz. Galderetan, EH Bilduk galdetzen zuen unera arte inbertitutako diru kopuruaz, kontuan hartuta planean jasotako epealdian ia 65 milioi inbertitzea aurreikusten zela. Bada, 2023 arte, hondakinak prebenitzeko planean 2018-2023 aldirako aurreikusitakoaren % 32 baino ez zen inbertitu. Horri gehitu behar zaio 2024ko daturik ez dagoela oraindik eta, beraz, «zaila da planaren jarraipen egokia egitea», EH Bilduren esanetan.
EH Bilduk salatu du Araba urrun dagoela helburuak betetzetik, joan den irailean aurkeztutako hondakinen 2023ko inbentarioaren arabera. «Beiraren eta kartoiaren bilketek datu onak eman zituzten arren, beste datu guztiek daukagun «egoera kaxkarra» azaleratzen dute. «Esate baterako, hondakin gehienak nahastuta jasotzen dira, eta banakako bilketak % 39an jarraitzen du, hondakinak murriztea ez da behar besteko abiaduran ematen ari edota bio-hondakinen eta berrerabilpenean dauden datuak negargarriak dira», amaitu du Ruth Ibisate batzarkideak.