AKTUALITATEA


| 2021-06-03 10:30:00

EH Bilduren ustez, Garoñako zentral nuklearra eraisteko, erakundeek modu koordinatuan lan egin behar dute, eta informazioa “argia eta etengabea” izan behar du. Hori dela eta, hainbat ekimen erregistratu ditu inplikatuta dauden erakunde guztietan. Horietan, informazioa eskatzen da, eraispen-prozesuaren “segimendu zehatza” eskatzen da eta Trantsizio Ekonomikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak iragarri duen Ekonomia Suspertzeko Planari buruz ere galdetzen da.

 

Joan den maiatzean amaitu zen Garoñako zentral nuklearra eraisteko 1. faseko proiektuari eta Ingurumen Eraginaren Azterlanari alegazioak aurkezteko epea. Baina gaur egun ez dakigu zenbat fase izango dituen, sortzen diren hondakin nuklearrak biltegiratzeko eta kudeatzeko azpiegiturak eraikitzea aurreikusten den ala ez eta non, edota prozesu horrek pertsonen osasunerako edo ingurumenerako ekar ditzakeen arriskuak.

 

Zalantza horiek argitze aldera, EH Bilduk hainbat galdera eta informazio-eskaera erregistratu ditu Madrilgo Kongresuan, Eusko Legebiltzarrean eta Arabako Batzar Nagusietan. Horrez gain, mozio bat aurkeztu du eragin eremuan dauden Arabako udaletan (Gaubea eta Lantaron). Mozio horretan, informazioa eskatzen da, bai eraisteari buruz, bai prozesu horren jarraipena egiteko sortutako erakunde arteko batzordea egiten ari den lanari buruz.

 

Era berean, EH Bilduren mozioak eskatzen du Gaubea eta Lantarongo udalak eskualdeko ekonomia suspertzeko 119 milioi euroko planaren partaide izan daitezela. Hala ere, ez dakigu zein izango diren banaketa-irizpideak, zein epe ezarriko diren edo zein udalerritan sartuko diren hurrengo hitzarmenean, ahal den neurrian zentrala ixtearen ondorioak arintzeko balioko duten proiektuak finantzatzeko.