AKTUALITATEA


| 2023-01-31 11:43:00

Araba. 2023-01-31 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak informazio publikoa eskuratzeko prozedura arindu eta sinplifikatzeko mozioa aurkeztu du gaur Arabako Batzar Nagusietan, modu horretan gardentasuna sustatzeko.

2022ko ekainean argitaratu zuen Diputazioak Gardentasunari eta Informazio Publikoa Eskuratzeari buruzko 2021eko txostena, informazio publikoa lortzeko Araba Irekia ataria erabili duten herritarren ezaugarriak eta informazioa eskuratzeko burutu dituzten ekintzak aztertzen dituena. Txostenaren ondorioen atalean, 2022an garatu beharreko hainbat ekintza aipatzen dira, tartean, Araba Irekian hobekuntzak egitea, informazioa eskuratzeko prozedurak herritarrei errazte aldera.

Gainera, Amaia Andrieu EH Bilduren Arabako batzarkideak azaldu duenez, «Araba Irekia webguneko trafikoa aztertzeko, Google Analytics aplikazioa erabili da nahiz eta 2020an bertan behera geratu zen Europar Batasunetik AEBetarako datuen transferentzia erregulatzen zuen akordioa, europarren datu pertsonalak behar bezala babestuta ez zeudelako. Ulertezina da Araban oraindik sistema hori erabiltzea, Europako hainbat estatuk legez kanpokotzat jo dutenean Google Analytics, Europako araudia urratzen duela iritzita, Europako erabiltzaileen datu pertsonalak AEBetara bidaltzen dituelako».

Proposamenak

Hala, mozioan EH Bilduk eskatu du Araba Irekian hobekuntza egitea, informazio ahalik eta argien aurkezteko, eta Open Data atalean ere informazio motak ugaritzea eta horretara iristeko modua erraztea ere proposatu du.

Horrekin batera, webgunearen trafikoa aztertzeko, Google Analytics aplikazioaren ordez, bestelako azpiegitura eta software libreko tresnak erabiltzeko urratsa egin dezala eta urtea amaitu aurretik aurkez ditzala ere eskatu dute. Azkenik, herritarrei erantzuteko arazoak ikusirik, Informazio Publikoa eskuratzeko eskaerak izapidetzeko prozedurak sinplifikatu ditzala eskatu diote Diputazioari.