AKTUALITATEA


| 2025-10-20 08:26:00

EH Bilduk euskara arloan finantzazio egokia, baliabide tekniko nahikoak, euskalgintzarekiko elkarlan zintzoa eta hitzkuntz politika ausartak eskatu ditu gaur. Euskara Plan Estrategikoaren aurkezpenean egin du eta oso dokumentu generikoa dela ondorioztatu du.

Finantzazioari dagokionez, aurrekontua zertxobait handitu bada, oraindik ere ez da iristen aurrekontuaren %0,4ra ere. Horrez gain, baliabide teknikoei dagokienez, batetik  10 hilabete pasatu badira aurreko Euskara zerbitzuburua jubilatu zenetik, eta zerbitzuburu berri bat badago ere behin-behinean, teknikari baten hutsunea dago. Bestetik eta are larriagoa dena: AFA da EAEko instituzio nagusi bakarra bi euskara zerbitzu desberdin dituena, bata, Funtzio Publikoaren Sailaren baitan, barne euskalduntzeari lotuta, eta bestea, kanpo hizkuntz politikaz diharduena. “Eskema hau guztiz zaharkituta dago soziolinguistikaren edozein ikuspuntutatik begiratuta, eta eredu horri eusteko arrazoi bakarra da hizkuntz politikoaren inguruan bi gobernukideok dituzten desberdintasun sakonak nolabait makilatzea, besterik ez”, azpimarratu du Natxo Urkixo EH Bilduko batzarkideak.

Beste aldetik, hizkuntza politika ausartak eskatu ditu EH Bilduk euskararen kontrako ahotsak eta indarrak altxatzen ari diren garai honetan. “Izan epaitegietatik, izan Madriletik datorren haize erreakzionariengatik, egoera gero eta kezkagarriagoa da. Zentzu horretan ezinbestekoa zaigu jada existitzen diren gehiengo politiko eta sozialak aktibatzea ez soilik euskararen defentsan (hori ere bai), batez ere euskarak eta euskaldunon hizkuntza eskubideak aurrera salto kualitatiboa eman dezan. Horregatik uste dugu ausartak izateko unea badela, aurrera egiteko unea badela eta bide berriak urratu behar dira (esate baterako)”, gaineratu du Urkixok.