Albisteak

EH Bilduk estatus politiko berriaren eztabaidak Trebiñuko auziari soluzioa emateko aukera leiho bat zabalduko duela defendatu du


Kike Fdez de Pinedo: “legealdi honetan Arabako Foru Aldunditik marketin gehiegi egin da.”

| 2019-05-18 17:38:00

Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia Kike Fdez de Pinedok defendatu du estatus politiko berriaren eztabaidak Trebiñuko auziari soluzioa emateko aukera leiho bat zabalduko duela. Izan ere, gaur gaurkoz EAJrekin adostua dagoen oinarrien akordioak honezkero jasotzen du barrutiko biztanleen borondatea izango dela muga bakarra.

Bitartean, Trebiñuko herritarrak ezin direla bigarren mailako arabarrak izan azpimarratu du. Hori dela eta, zerbitzu guztiak bermatuta izan behar dituztela defendatu du eta ez nahikoak ikusten ditu Burgosek eta Arabak sinatu dituzten hitzarmenak. “Arabako Foru Aldundiaren eta Burgosko Diputazioaren eskumenek gizarte aurreratu batean duintasunez bizitzeko oinarrizko zerbitzu batzuk (osasuna, hezkuntza, indarkeria matxistaren kontrako borroka…) bere baitan hartzen ez dituztenez, Eusko Jaurlaritzari exijituko diogu bere eskumenen arloan pareko hitzarmenak landu eta adostu ditzala Gaztela Leongo Juntarekin”, azaldu du Fdez de Pinedok.

Arabako zerrendaburuaren ustez, legealdi honetan Arabako Foru Aldunditik “marketin gehiegi” egin da lortutako aurrerapenen inguruan eta jarrera horrek asko haserretu ditu herritarrak ikusten dutelako “ez dela ezer aldatzen”. Ildo berean, Argantzungo alkategaia Pablo Ortiz de Latierrok esan du sinatutako akordio horiek “atzera pausua” izan direla soilik arazoa luzatuko dutelako”.

 

Era berean, Ortiz de Latierrok udalerrirako proiektuak azaldu ditu. Horien artean, konpost guneak eta garbigune bat sortzea, lehen sektoreari babesa, futbol zelaiaren konponketa, Zadorra ibaiko bainu lekua hobetu, Siloan mural partehartzailea, Hiriberi Okako hiriguntza plana eta San Juan Ospitalaren zaharberritzea aipatu ditu. Hori dena berdintasuna eta euskara erdigunean jarriz.