AKTUALITATEA


| 2022-05-12 11:45:00

EH Bilduk mozioa erregistratu du gaur Batzar Nagusietan, tokiko erakundeetan doako wi-fi puntuak kokatzeko prozedura bidezkoa izan ote den argitzeko. Zehazki, Arabako Foru Administrazioaren Kontsulta Batzordeak gaiari buruzko txostena eman dezala eskatzen da mozioan, kontzejuen artean defentsa-gabeziarik izan ote den argitzeko, informazio faltagatik.

EH Bilduren ekimenez, 2020an mozio bidez onartu zuten Foru Aldundiari eskatzea landa-eremuan arrakala digitala murrizteko neurriak hartzea. Horretarako, Aldundiari eskatzen zitzaion, batzar administratiboekin elkarlanean, kontzeju bakoitzean doako wi-fi puntu bat kokatzea. 2022ko otsailean, EH Bilduren galderei erantzunez, Ekonomia Garapen, Berrikuntza eta Demografia Erronkako diputatuak esan zuen kuadrillen esku utzi zuela doako 12 wi-fi puntu kokatzeko plan pilotua, enpresa pribatu baten bitartez.

EH Bildu kuadrillekin harremanetan jarri zen, prozeduraren berri izateko, eta kuadrilla guztien idatzizko erantzuna jaso zuen, Añanako kuadrillarena izan ezik. Erantzunen arabera, kuadrilletan ez zen inolako jakinarazpen formalik jaso gai horren inguruan, eta kuadrilla bakoitzaren esku utzi zen wi-fi puntuen kokapenaren hautaketa. Kuadrilla bakoitzak, beraz, modu ezberdinean egin zuen herri interesatuen hautaketa.

Informaziorik ez

Javier Argote Arabako EH Bilduren batzarkideak adierazi du Departamentuak ez zuela prozedura horren jarraipenik egin: «Egiaztatu dugu tokiko entitate guztiek ez dutela informazio bera jaso». Horregatik, prozedura egokia izan den jakiteko mozioa aurkeztu du EH bildu Araba batzarkide-taldeak. «12 wi-fi puntu horietarako hautagai izateko kontzeju guztiek informazio eta aukera berdintasuna izan ote den jakin nahi dugu», amaitu du Argote batzarkideak.