AKTUALITATEA


| 2022-07-12 10:53:00

Aurrekontua birkalkulatzea eta 2.000 miloi arte handitzea ere eskatu du, «helburu anbiziotsuei aurre egin behar zaielako»; halaber, ezinbestekotzat jo du berriztagarrien hedapena arautzea eta planifikatzea

Klimaren aldeko Arabako Herritarren Batzarra eratzea proposatu du «gizarte osoaren inplikazioa bultzatzeko», jarraipenerako adierazle sistema argia ezarrita

Araba | 2022-07-12. EH Bildu Araba batzarkide taldeak Klima Araba 2050 estrategiari egingo dizkion ekarpenak aurkeztu ditu gaur. Klima Araba 2050 estrategiak datozen urteetarako lurraldean abiatu beharreko neurriak jaso beharko lituzke, klima larrialdiari aurre egin eta Arabaren deskarbonizazioan sakontzeko.

EH Bilduren lehen emendakina oraintsu arte indarrean egon den Mugarri planaren balorazioari dagokio: plan horren balantze objektiboa eskatu du EH Bilduk, hortik abiatuta hausnarketa «partekatua» egin ahal izateko. Horrekin batera, «Arabako deskarbonizazio-prozesuan lortu beharreko adierazle eta helburu argi eta errealak ezarri behar dira, bai Nazioarteko Erkidegoan bai Europar Batasunean ezarritako helburuekin bat etorriz». Horren arabera, helburuak ezarriko lirateke 2030, 2040 eta 2050erako energia murrizketan, energia berriztagarrien kontsumo kuotan eta isurketen murrizketan.

Bi ildo estrategiko berri txertatzea ere planteatu du EH Bilduk: alde batetik, «energia-kontsumoa murrizteko baliabideak eta prozesuak optimizatzeko, eraginkortasunez erabiltzeko eta aurrezteko» ildo bat, arreta berezia jarriz industria-sektorean, garraioan eta eraikinetan; bestalde, energia subiranotasunerako pausoak ere proposatu ditu, «arreta berezia jarriz banatutako energia berriztagarriak sortzeko sistemetan eta autokontsumoa sustatuz»; horrekin batera, batzarkide taldeak energia sortzeko modu alternatiboak sustatzea proposatu du, hala nola biomasa, geotermia, minieolikoa, minihidraulikoa eta prozesu industrialen ondoriozko energia berreskuratzea.

Era berean, parke fotovoltaikoak eta eolikoak arautzeko eta planifikatzeko ildo bat sortzea ere proposatu du, eta halako proiektuei dagokienez, bazterketa eremuak ezartzea eskatu du, hau da, non ezingo liratekeen kokatu energia horiek sortzeko beharrezko azpiegiturak. Horien artean leudeke ingurune naturalak edota balio agroekologiko handiko lurrak.

Hondakinen bilketan, enplegu berdea sustatzea ipini dute helburutzat, sentsibilizazioan sakontzeko, baita ekonomia zirkularrari bultzada ematea ere, bio-hondakinak tratatzeko eta gerora nekazaritzan erabili ahal izateko. Azkenik, Arabako nekazaritza lurrek ohiko ekoizpenetik ekoizpen agroekologikorako trantsizioan sakontzea proposatu du EH Bilduk, horretarako aholkularitza eta finantzaketa ezarrita.

Aurrekontua handitzea

Aurrekontuari dagokionez, proposamen zehatza egin du EH Bilduk: «Mobilizatu beharreko kopuruak askoz handiagoa izan behar du, gutxienez 2.000 milioi euroko inbertsioa eginez. Jakina, diru-kopuru handi horrek barne hartu behar ditu, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek zein gainerako administrazioek eta baita eragile pribatuek ere egin beharreko ekarpenak, «betiere erakundeen kontrolpean». Foru Gobernuari eskatu diote aurrekontu berri bat egiteko eta Arabako Batzar Nagusietan aurkezteko, aurtengo abenduaren 31 baino lehen.

Estrategiaren betetze mailari jarraipena egiteko, Klimarako Arabako Herritarren Batzarra eratzea proposatu du EH Bilduk, nazioarteko joerarekin bat eginez: Erresuma Batuan, Frantzian, Austrian edo Danimarkan abian dira halako proiektuak, eta gero eta maizago eratzen dira halakoak gobernuei gomendioak egiteko klima-politikari dagokionez. Formula egokia bilatu behar da Arabarako, helburutzat ipinita gizarte osoaren parte-hartzea bermatzea, adituez harago. Batzar horri lana errazteko, Foru Gobernuari eskatu dio jarraipenerako adierazleen proposamen berria egin dezala.

Joan den astean, EAJren Gobernuak Arabako Foru Aldundian egindako Klima Araba 2050 estrategia aztertu ondoren, EH Bilduk ondorioztatu zuen «plan horrek ez dituela betetzen, une honetan eta klima larrialdi betean, klima-aldaketaren aurkako edozein plani eska dakizkiokeen gutxienekoak, ez edukiari dagokionez, ez lantze-prozesuari dagokionez, ez adostasunak bilatzeko beharrezko elkarrizketari dagokionez».