AKTUALITATEA


| 2021-10-15 10:06:00

EH Bildu Arabako batzarkide taldeak Batzar Nagusietan landa-bideetako araudia aztertzeko ponentzia osatzeko eskatu du. Ponentziaren helburua da araudia aztertzea eta, ahal den heinean, sinplifikatzea, asko baitira egun landa-bideen erabilera desberdinak: lehen sektoreko ohiko erabileraz gain, bide berdeak eta txirrindularientzako bideak, besteak beste, eta beraz, baita horiek arautzen dituzten foru arauak ere.

Javier Argote batzarkideak egun dagoen araudiaren errepasoa egin du, eta gogora ekarri du “bide bakarrean hainbat erabilera eta araudi nahasten direnez, administrazio bakoitzari dagokion ardura aztertu eta eguneratu” behar dela. Araudi bikoizketa horiek saihesteko eta koordinazioa areagotzeko, araudia sinplifikatzearen alde egin du EH Bilduk.

Toki Erakunden papera

Landa-bideen 5.000 kilometroen erabilera dibertsifikatu eta zabaldu bada ere, Eva Lopez de Arroyabe batzarkideak nabarmendu duenez, “historikoki landa-bideen zaintza nekazari eta abeltzainek egin dute, euren jarduerarako funtsezkoak baitira, jakina, baina zaintza horren onurak, azken finean, landa eremuan bizi direnentzat eta bertara bisitan, aisialdiaz disfrutatzera edo lanera datozen beste guztientzat ere izan dira”. Nekazaritza-eredu intentsiboak ere landa-bideen narriadura areagotu du, ahaztu barik klima-larrialdiak landa-bideetan bestelako kalteak maizago gertatzea ekarriko duela, eurite gogorrak, muturreko tenperaturak eta txingorra direla-eta”.

EH Bilduko batzarkideek proposatu dute ponentziak 2022ko lehen seihilekoan egitea bere lana, landa-bideetan zer esana duten eragile guztien parte-hartzearekin: administrazioak, nekazari eta abeltzainen ordezkariak, egurraren industriakoak, baita bestelako erabiltzaileak ere, ahaztu gabe Toki Erakundeen papera, eurena baita bide horien azken ardura. EH Bilduren ustez, Ponentziaren azken helburua izan beharko litzateke egungo araudi desberdinak eguneratzea eta sinplifikatzea, baita Toki Erakundeen baliabideak hobetzea ere, egin behar dituzten landa-bideen mantentze eta zaintza lanak erraztearren.