EH Bilduk erakunde guztien inplikazioa bilatuko du, Tubos Reunidosen krisia gainditzeko eta Aiaraldean enplegu industriala mantentzeko. Helburu horrekin, hainbat ekimen erregistratu ditu, bai Kongresuan, bai Eusko Legebiltzarrean. Helburu nagusia da enplegua galtzea saihestea, enpresaren zorra berrikustea eta laguntza berriak gaitzea, betiere industria-bideragarritasuneko eta enpleguari eusteko plan bati lotuta.
Ildo horretan, Kongresuak EH Bilduren ekimen bat eztabaidatuko du. Bertan, Trumpen muga-zergen mehatxuari erantzuteko premiazko neurrien dekretua aplikatzeko eta industria elektrointentsiboari laguntzeko mekanismoak berreskuratzeko beharrezkoak diren mekanismoak martxan jartzea eskatuko zaio Espainiako Gobernuari. Tubos Reunidos sektorean punta-puntako enpresa den arren, elektrizitatearen tarifek eta prezioak bere jarduerari kalte egiten diote.
Baina, horrez gain, EH Bilduk Europar Batasunean erantzun irmoa emateko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Trumpen administrazioak ezarritako muga-zergen politika kaltegarriari aurre egiteko. Era berean, altzairua eta haren deribatuak mugako karbono-doikuntzen esparruan sartzearen alde egin du, beste herrialdeetatik datozen manufakturatutako produktuen lehia desleiala saihesteko.
Bestalde, EH Bilduk Industria sailburuari galdetuko dio Eusko Legebiltzarrak egingo duen hurrengo kontrol saioan, Jaurlaritzak horren inguruan hartu nahi dituen neurri ekonomikoei buruz.