AKTUALITATEA


| 2022-01-11 11:25:00

EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa aurkeztu du gaur Batzar Nagusietan, Arabako Forua Aldundiari eskatzeko eskola-kirola berriz abian jar dezala. Joan den urtarrilaren 7an erabaki zuen Arabako Foru Aldundiak eskola mailako kirol-lehiaketak bertan behera uztea, Eusko Jaurlaritzaren gomendioari jarraikiz.

Hori hala izanik, EH Bildu Arabak eskaera zehatzak egin dizkie Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eta Arabako Foru Aldundiari, adin txikikoen osasun orokorra zein prebentzioa indartzeko eta bizitza aktibo osasuntsuan eragiten duten jarduerak sustatzeko.

Xabier Valdor batzarkideak arrazoitu ditu eskaera horiek, kirol eremuen arteko kontraesanak eragiten baititu neurri horrek: “Ez da ulergarria Diputazioak eskola-kirola debekatzea, eta kirolari federatuei jokatzen uztea, ondorio kaltegarriagoak sortzen dituenean azken horrek, pilaketa, kontaktu eta mugimendu fluxuei dagokienean”.  Bere ustez, Hezkuntzako protokoloak ez du koherentziarik gainerako herritarrei bideratutako neurriekin.

Osasun mentala

Adingabeen osasun mentalaren egoeraz ohartarazi dute adituek azken boladan eta, ildo horretan, Valdorrek esan du halako erabakiek, mesedea baino, kaltea eragiten diete adingabeei, bizitzako funtsezko ohituretan eta osasun mentalean duten eraginagatik: “Zer da hobea, jolasa eta mugimendua sustatzea, edo psikiatrarekin kontsulta gehiago bideratu behar izatea? Edo adingabeei elikadura dietak jarri behar izatea?”. “Ohiturak ekintzekin eta praktikarekin sustatzen eta elikatzen dira”, amaitu du Valdorrek.