Ia 75.000 euroren balioko proposamenak onartu ditu Udal Gobernuak, besteak beste, Ingurumeneko teknikari bat kontratatzeko eta herrian amiantoaren erregistro bat egiteko
Araba. 2024-02-05 | Dulantziko EH Bildu udal-taldeak aldeko boza emango die udalerriko aurrekontuei, udal gobernuak bere proposamenak onartu ondoren. Zehazki, EH Bilduren sei proposamen onartu ditu gobernuak, ia 75.000 euroren balioarekin.
Partidarik handienak dira ingurumen teknikari bat kontratatzera bideratutakoa, 33.000 eurokoa, eta amiantoa duten instalazioen erregistro bat egiteari buruzkoa, 32.000 eurokoa. Horiekin batera, bizikleten garbitoki bat eta osoko bilkurak jarraitzeko telebista-sistema bat ere adostu dituzte.
Tito Lasarte EH Bilduren Dulantziko bozeramailea pozik agertu da akordioagatik, eta DTIrekiko sintonia azpimarratu du. «Nabarmendu nahi dugu bi alderdien lankidetza ona izan dela, hauteskunde-programetan antzekotasun handiak genituen, eta, alde horretatik, errazagoa izan da. Udalean edozein aurrerapen geldiarazteko EAJren etengabeko erasoen aurrean, gure jarrera izan da laguntzea eta ekarpenak egitea», adierazi du. Programa-kointzidentzia horien artean nabarmendu ditu udal-baratzeak sortzea, kirol-esparruaren proiektua, plaza berritzeko proiektua edo energia berriztagarriei buruzko proiektuak.
Etorkizunera begira
Partida horiekin batera, EH Bildu Dulantzik gai gehiago aurkeztu zituen negoziazioan. Gai horiek Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren edo beste erakunde batzuen eskumenen mende daude, eta, beraz, onartu ez badira ere, EH Bilduk eta DTIk horien jarraipena egitea adostu dute, etorkizunean aplikatu ahal izateko.
Azken gai horien artean daude, besteak beste, kultura eta kirol sailarekin batera euskara sustatzeko zeharkako plan bat, aparkaleku eta azoka gune bat edo gazteentzako etxebizitza proiektu bat, Dulantzi udalerri tentsionatua izendatzearekin batera. Gainera, Urbide ur partzuergoari kontuak eskatzeko txosten baten zain dago udalbatza; behin txostena jasota, partzuergoa uzteko aukera aztertuko da.