AKTUALITATEA


| 2023-01-26 12:23:00

Araba. 2023-01-26 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa aurkeztu du gaur Batzar Nagusietan, migratuen eta errefuxiatuen arretarako eredua erakundeen artean adostu dadila eskatzeko eta Arana klinika zaharrean aurreikusita dagoen zentroko lanak geldiaraztea eskatzeko, 350 pertsona artatzeko zentro batek ez duelakoan bermatzen arloan lanean ari diren elkarteek eskatzen duten arreta hurbila eta deszentralizatua.

Arana klinika zaharrean 350 errefuxiatu eta migratu artatzeko zentroa eraikitzeko Espainiako Gobernuaren asmoak hautsak harrotu ditu, eta hainbat elkartek ahotsa altxatu dute, euren ustez hori ez baita bide egokia euren herrialdeetako egoera latzetatik ihesi datozen pertsonen arreta egiteko: banakako eta hurbileko arretaren aldeko apustua egiten dute arloan lan egiten duten elkarteek.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Arabako batzarkidea bat dator sektoreko elkarteen diagnostiko horrekin; izan ere, «helburua da lurralde mailan pentsatutako eta deszentralizatutako askotariko baliabideak ematea, ahalik eta arreta eta inklusio prozesu hurbilenak bultzatzeko». Gainera, Lopez de Arroyabek salatu du Arana klinikako iragarki horren berri izan dela lizitazioa aldizkari ofizialetan argitaratu delako, baina ez da inolako azalpen publikorik eman proiektu horren xehetasunei eta justifikazioari buruz, eta tokiko eragileak kontuan hartu gabe egin da. Hala, iragarkiak sortutako liskarrak deitoratu ditu EH Bilduk: «Erronka handia da, eta erakunde arteko lankidetza eta estrategia adostuak eskatzen ditu, zarata eta liskarraren ordez», esan du Lopez de Arroyabek.

Beraz, mozioan Estatuko gobernuari eskatu diote proiektu hori bertan behera uzteko eta immigrazio politikak Eusko Jaurlaritzari lehenbailehen transferitzeko. Era berean, gai honetan eskumenak dituzten erakunde guztiei eskatzen diete migratuentzako eta errefuxiatuentzako harrerako eredu bat adostu dezatela, eta berrestea Euskal Herria errefuxiatu eta migratuen Harrera Herria izateko duen borondatea. Azkenik, Foru Gobernuari eskatu diote migrazio-krisiari erantzuteko baliabide eskaintza nahikoa definitu eta martxan jartzeko lurralde mailan, esparruan lan egiten duten elkarteen ekarpenak eta eskaerak kontuan hartuta.