2021eko martxoan, Trebiñuko Euskara Plana errekurritu eta baliogabetu zuen Gaztela eta Leóngo gobernuak; geroztik, Euskara Planik gabe daude Trebiñu eta Argantzon udalerriak
Trebiñu/Argantzon. 2024-11-26 | Trebiñu eta Argantzongo EH Bilduren udal taldeek mozio bana aurkeztu dute euren udaletan, Arabako Foru Aldundiari eskatzeko laguntza teknikoa eta juridikoa eman dezala Trebiñuko Enklabeko Euskara Plana onartzeko.
2020ko azaroan eta abenduan, hurrenez hurren, Trebiñuko eta Argantzungo udalek Trebiñuko Enklabeko Euskara Plana onartu zuten, baina Gaztela eta Leóngo Gobernuak 2021eko martxoan errekurritu eta baliogabetu egin zuen. Testuinguru horretan, bertako euskara-teknikariak bi alternatiba landu zituen Plana berraktibatzeko. Orduko Trebiñuko alkateak Foru Aldundiari helarazi zion, bertako zerbitzu juridikoek haren bideragarritasuna azter zezaten, enklabeko bi udalek berriro ekin ziezaioten Euskara Plana onartzeko prozesuari.
Joan den urrian Lurralde Orekako eta Lurralde Antolaketako diputatuari EH Bilduk egindako galderei erantzunez, diputatuak gai honi buruzko aholkularitza juridikoa emateko konpromisoa adierazi zuen, baina urte hauetan guztietan Arabako Foru Aldundiak ezer gutxi egin duenez, EH Bilduk mozio horiek aurkeztea erabaki du, Arabako Foru Aldundiari eskatzeko Trebiñuko Enklabeko Euskara Plana onartzeko izapideak egiten hasi eta dagokien laguntza juridiko eta teknikoa eman dezan. Abenduan zehar eztabaidatuko da mozioa bi udalbatzetan.