AKTUALITATEA


| 2025-02-03 11:22:00

Alderdi subiranistak gogorarazi du, gaurko batzordean galderak sartu ez dituzten arren, oraindik denbora dagoela hilaren 7a baino lehen idatziz erantzuteko gaiari buruzko galderei

Araba. 2025-02-03 | Joan den urtarrilaren 24an EH Bildu Araba batzarkide taldeak Ahaldun Nagusiari zuzendutako galdera sorta luzatu zion Maccabik Gasteizen jokatuko duen partidari buruz. Indar subiranistak jakin nahi zuen Maccabi eta Baskoniaren arteko partida jokatzeak eduki ditzakeen ondorio negatiboak ekiditeko asmoz, ea Aldundiak aztertu dituen dauden aukerak juridikoak partida hori ez burutzeko. Baina tramitazio epeak bururaino luzaturik, Ahaldun Nagusiak ez ditu gaurko lehendakaritza batzordean galderak erantzun. Hala ere, Eva Lopez de Arroyabek azaldu duenez, hori gertatu zitekeela jakitun, idatziz ere posizionamendua eskatu diote Ramiro Gonzalezi. Egunotan ikusiko da ea otsailaren 7a baino lehen erantzuten duen.

Bozeramaile independentista kezkatuta agertu da talde Israeldarrak Arabako hiriburuan jokatzeak suposatzen duenagatik. «Zuzenean ari gara ikusten lsrael palestinar herriarekiko eta batez ere Gazako biztanleekiko aurrera eramaten ari den genozidioa. Sionismoak kirola erabili izan du bere jarrera zuritzeko eta azken hilabeteetan Maccabi taldeko zuzendaritza zein jokalariak ikusi ahal izan ditugu aktiboki parte hartzen lsraelgo armadari laguntzeko kanpainetan, baita genozidioa areagotzeko egungo testuinguruan ere», esan du Lopez de Arroyabek.

Lopez de Arroyabek gogora ekarri nahi izan du Buesa Arena aretoa Arabako Foru Aldundiaren jabetzakoa dela eta, beraz, erakunde horrek baduela ardura zentzu horretan. Horregatik esan du Arabako gizarteak eskubidea duela bere ordezkari nagusiak gai honekiko duen jarrera ezagutzeko, talde israeldarraren etorrerak sortutako arbuioa aintzat hartuta.

«Ez da lehen aldia Maccabiren etorrerak ezinegona sortzen duela gure hirian, baina azken hilabeteetako jarrerek egoera larriagotu dutela uste dugu. Are gehiago ikusita su-etenean egonda ere Israelek palestinarrak hiltzen jarraitzen duela Zisjordanian, eta saskibaloi talde horren bisitak Europa osoko hirietan eragin dituen arbuioa eta gatazkak», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.