AKTUALITATEA


| 2023-12-04 10:05:00

Senatuan erregistratutako galdera idatzi baten bidez, Josu Estarrona Arabako EH Bilduren senataria eta Gorka Elejabarrieta Senatuko EH Bilduren bozeramaileak, azalpenak eskatu dituzte RENFEk kudeatzen duen eta Araba eta Bizkaia lotzen dituen C3 Bilbo-Urduña trenbideak eskaintzen duen zerbitzu “eskasa” dela eta. Erregistratuko galderen bidez, tren zerbitzuak jasaten ari duen narriaduraren zergatiak argitu nahi dituzte. Izan ere, urteak dira erabiltzaileak zerbitzuaren hondatze etengabeaz kexu direla, “zerbitzua hobetu beharrean, trenak atzeratu edo bertan behera geratzen direlako etengabe”.

Horren adibide dira soilik udan erregistratu ziren 6.230 intzidentziak. Enpresa komitearen esanetan, intzidentzia horien atzean dagoen arrazoia langile falta da. Hain zuzen ere, hori salatzeko grebara joan ziren 2021ean.

Gaur egun, zoritxarrez, egoerak ez du hobera egin. Intzidentziak eta atzerapenak etengabeak dira eta trenen frekuentziak ere behera egin du pandemia aurreko urteekin alderatuta. Kontuan izan behar dugu, C3 Bilboko Aldirietako trenbidea, Airaldeako herri gehienak Bilborekin lotzen dituen garraioa dela: Urduña, Amurrio, Aiara (Luiaondo), Laudio, Arakaldo eta Arrankudiaga eta beraz, ezinbesteko garrantzia du eskualdeko biztanleen eguneroko bizitzan.

Egoera horren aurrean, EH Bilduko senatariek, honako galdera hauek erregistratu dituzte arazoaren zergatiak argitu eta honi irtenbide bat topatzeko asmoz:

  1. Azken 2 urteetan, zenbat zerbitzu kendu dira C3 Bilbo-Urduña trenbidean?
  2. Azken 2 urteetan, zenbatekoa da C3 Bilbo-Urduña Aldirietako trenbideko zerbitzuek duten bataz besteko atzerapena?
  3. Argitu egin da zeintzuk diren trenak atzeratu edota zerbitzuak bertan behera uzteko arrazoiak? Hala izatekotan, zeintzuk dira?
  4. Arrazoi horiek gainditzeko soluziorik planteatu ahal da? Hala bada, zeintzuk dira soluzio horiek?