Suhiltzaileen Foru Erakundeko langileen baldintzak Aldundikoekin parekatzeko mozioa ere onartu dute Batzar Nagusiek, bertako zuzendaritzaren aldaketa eskatzearekin batera
Araba. 2024-11-27 | EH Bilduren mozio bati esker, Arabako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu diote etxebizitzarako sarbidea lehenesteko eta sustatzeko, lurraldean bizi dugun bizitoki-larrialdiari erantzunez. Horretarako, besteak beste, tokiko entitateek etxebizitza erosi eta birgaitzeko programa bat abiatu beharko du Aldundiak lehen aldiz.
Ekimenak EH Bilduren mozio batean du oinarria, zeinean eskatzen baitzen Diputazioa «etxebizitza eskubidearen aldeko agente aktiboa» izatea. «Arazo estruktural baten aurrean gaude eta herri honen instituzio nagusi guztiak norabide berdinean lanean jartzea ezinbestekoa zaigu irtenbide bat bilatu nahi badiogu, behintzat», esan zuen Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Arabaren bozeramaileak ekimen haren aurkezpenean. Ildo horretan, testu bat adostu dute gaur EH Bilduk, EAJk eta PSEk.
Gaur onartutako mozioan, Batzar Nagusiak Foru Aldundiari eskatu diote etxebizitzarako sarbidea lehenetsi eta sustatu dezala, baita erakunde eskudunekin elkarlanean aritzeko ere, alokairuaren merkatuko prezioen erreferentziazko indize berria kalkulatzeko elkarlanean jardunez. Halaber, Bizigune programa sustatzen jarraitzea ere eskatu diote Jaurlaritzari, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko. Azkenik, Foru Aldundiari eskatu diote programa bat abiatu dezala tokiko entitateek etxebizitza erosi eta zaharberritu ahal izateko eta, ondoren, alokairu sozialera edota gazteei bideratzeko.
Eva Lopez de Arroyabe bozeramailea pozik agertu da akordioagatik, Gobernuaren jarrera aldatzea dela uste duelako: «Orain arte, PPren eskutik, eraikuntzaren eta abalen aldeko apustua egin da, eta neurri horiek espekulaziora eraman gaituzte; orain, tokiko erakundeak ahalduntzearen eta gazteentzako eta alokairu sozialerako etxebizitzaren aldeko apustua egin da. Pozik egoteko arrazoi bat dela uste dugu».
Foru Suhiltzaileak
Gaurko Osoko Bilkuran, Suhiltzaileen Foru Erakundeko langileen aldeko mozioa bat ere onartu da, zeinaren bidez eskatzen baita suhiltzaileak Arabako Foru Aldundiko gainerako langileen baldintza berberak izatea, baita parke bakoitzeko suhiltzaile bat gehiago egotea ere. Era berean, Arabako Batzar Nagusiek eskatu dute Foru Suhiltzaileen Erakunde Autonomoko Zuzendaritza-Gerentzian aldaketak premiaz egin daitezela, arazoen iturria hor dagoelakoan.
«Suhiltzaileek zortzi urte daramatzete Akordio Arautzailerik gabe, Foru Erakundea sortu zenetik, hain zuzen. Gainera, momentu honetan EAEko zerbitzu publiko bakarra da hitzarmenik gabe dagoena. Hori gutxi balitz, egoera kafkiano bat ematen da Organismoaren baitan; izan ere, langile guztiei ez zaizkie baldintza berak aplikatzen. Egoera hori lehenbailehen konpondu behar da», adierazi du Xabier Valdor EH Bilduko batzarkideak.