AKTUALITATEA


| 2023-02-03 10:51:00

Araba. 2023-02-03 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak zerga politikaren aldatzeko beharra aldarrikatu berriro eta proposatu du presio fiskalaren Europako batezbestekora iristea, gogoan izan behar baita EAEko presio fiskala Europakoa baino 5 puntu beherago dagoela. Horrela dago jasota Arabako Batzar Nagusietan aurkeztu duen mozio batean. Bertan, deitoratu egin du Gobernuak legealdi oso galdu izana eztabaida fiskalari ekin gabe, EAJk eta PSEk egindako iragarpena kritikatu du eta azken erreformaren fiskalaren ebaluazioa aurkezteko exijitu dio Foru Gobernuari.

EH Bildu Arabako batzarkide Eva Lopez de Arroyabek adierazi duenez, EAJk eta PSEk iragarritako erreforma fiskala «kutsu elektoralista ageriko adarjotzea» da, izan ere, legealdia amaitu baino aste gutxi falta direnean aurkeztu dute, jakinik ez duela denborarik emango erreforma adostu eta aplikatzeko. Hala, Lopez de Arroyabek gogora ekarri du EH Bilduk behin eta berriz eskatu izan duela erreforma hori abiatzea.

Lopez de Arroyabek Arabako zerga-bilketaren zenbait datu nabarmendu ditu, hala nola bilketa PFEZean eta BEZean oinarritzea, hau da, langileen ekarpenean eta kontsumoan. Presio fiskalari dagokionez, Araba Madrilen eta Bizkaiaren atzetik dago, eta EAE ere, Europako batez bestekotik 5 puntura dago.

Batzarkideak adierazi du erreforma fiskalaren eztabaida alderdi politikoetatik haragokoa dela: «Erreforma fiskalak herri-eztabaida izan behar du, eragile sozial eta sindikalei irekita. Gaiak seriotasuna eta zorroztasuna eskatzen ditu, EAJ eta PSE bezalako bi alderdiren exekutiben arteko akordioetatik haratago, eta hauteskunde kanpaina baten atarian bakoitzaren interes alderdikoien gainetik egon behar da», esan du Lopez de Arroyabek.

Mozioa eta galderak

Mozioan, Gobernuari eskatu diote gaur egungo fiskalitate-ereduaren balantzea aurkez dezala legealdia amaitu baino lehen, eta salatu dute Gobernuaren egoskorkeria eta borondate falta, Araban fiskalitateari buruzko eztabaida irekitzeari behin eta berriz uko eginez. Erreformaren helburua errenta baxuekiko presioa arintzea eta errenta altuena areagotzea izatea ere eskatu du EH Bilduk, helburu hartuta presio fiskala BPGrekiko % 41ekoa izatea.

Mozioarekin batera, EH Bilduko batzarkide Nerea Martinezek Ogasuneko diputatuari egindako galderen berri eman du. Martinezen esanetan, EAJk eta PSEk erreforma fiskalaren eztabaida hasiko zutela iragarri zutenean, oso positibotzat jo zuten 2013ko erreforma fiskala eta 2018ko moldaketak. Martinezek jakin nahi du zertan oinarritzen diren balantze oso positibo hori egiteko, izan ere, ez baitago azken erreforma horren ebaluazio ofizialik.

Azkenik, Eva Lopez de Arroyabek esan du zerga-erreformaren oinarria izan behar dela aberastasunaren banaketa bidezkoa: «EH Bildutik uste dugu erreforma fiskala abiatu behar dela, eta helburu nagusia aberastasuna birbanatzea izan behar dela, zerbitzu publikoak bermatu eta hobetzeko, eta zerbitzu horiek kalitatezkoak izateko».