AKTUALITATEA


| 2023-01-30 11:40:00

Araba. 2023-01-30 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak azalpenak eskatuko dizkio Nekazaritzako diputatuari, sail horren txosten bat ezagutu ondoren: txostenaren arabera, EAEn energia berriztagarrien zabalpena antolatuko duen planaren aurrerapenak ez ditu babestuko Arabako nekazaritza-lur baliotsu eta emankorrenak. Urtebete du txosten horrek, baina orain arte ez da horren berririk izan.

Zehazki, Diputazioaren txostenak konparatu egin ditu bi lurralde plan sektorialak, hau da, energia berriztagarriena eta nekazaritza eta basogintzakoa. Bi txostenen mapak alderatuta, txostenak ohartarazten du energia berriztagarrien planak plaka fotovoltaikoak jartzea aurreikusten duela nekazaritza-balio handiko lur gehienetan, beraz, bi plan horien arteko talka argia dago, lurralde plan sektorialak Eusko Jaurlaritzak egiten baititu arloz arlo eman beharreko pausoak zehazteko tresna gisa.

Horri gehitu behar zaio Eusko Jaurlaritzak 2021ean aurkeztu behar zuela energia berriztagarrien plana, baina momentuz ez dago aurkezteko datarik. Beraz, esan daiteke atzerapen horrek bide ematen duela energia berriztagarrien zabalpena antolaketarik gabe egiteko, balio estrategiko handiko nekazaritza-lurrak aintzat hartu gabe.

Agerraldi eskaerak

Horiek hala, EH Bildu Araba batzarkide-taldeak Nekazaritza arloko diputatuaren agerraldia eskatu du batzordean, Nekazaritza Garapen Zerbitzuak egindako txostenaren inguruko azalpenak eman ditzan.

Horrez gain, EH Bilduk UAGA sindikatuaren agerraldia ere eskatu du, Indarberri enpresak 350 hektareako bi makro proiektu fotovoltaiko balio estrategiko handiko lurretan ezartzeko asmoaren aurreko jarrera azal dezan.