AKTUALITATEA


| 2024-02-12 10:39:00

Langileek salatu dute gaueko txandan erizain bakar batek 144 pertsonari eman behar diela arreta

Araba. 2024-02-12 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak Gizarte Politiketako foru-diputatuaren agerraldia eskatu du Gizarte Ongizateko batzordean, Txagorritxu egoitza publikoko erizainek bizi duten egoerari buruzko azalpenak eman ditzan.

EH Bilduk Gizarte Ongizateko Foru Erakundeko SATSE sindikatuaren bitartez jakin du baldintza kezkagarrietan daudela bertako erizainak. Adierazi dutenez, txanda horretan 144 adinekori arreta emateko erizain bakarra dago, eta kontuan hartu behar da erabiltzaileen profilen artean daudela mendekotasun handiko pertsonak, multipatologiak dituztenak, bizitzaren amaieran daudenak edo zainketa aringarriak behar dituztenak. Beraz, argi dago erizaintzako profesionalen presentzia handitu egin behar dela, gutxienez txanda horretan.

Claudia Venceslao EH Bildu Arabako batzarkideak azaldu du egoera larria dela. «Erizain taldea nekatuta eta suminduta dago, gaueko txandan erizainen presentzia ez delako egokitzen dagoen lan-kargara, eta premia hori erakundeari helarazi eta onartu ondoren, ez delako irtenbiderik eman», esan du Venceslaok.

Zaintza duinak

Egoera horren larritasuna dela-eta, Gizarte Politiketako foru Diputatuaren agerraldia eskatu du EH Bilduk batzordean, arazo horiek konpontzeko Gizarte Ongizateko Foru Erakundeak hartuko dituen neurriak azal ditzan.

«Adinekoen zaintza ezin da egoitzetan lan egiten duten profesionalen kontura izan: instalazio onak, ratio onak eta lan-baldintza onak bermatzen baditugu, zaintza duinak bermatuko ditugu», amaitu du Venceslaok.