AKTUALITATEA


| 2025-03-18 11:36:00

Iñaki Gurtubai diputatuaren agerraldia eskatu du, erakundearen egoeraz eta hemendik aurrerako jarduteko moduaz azalpenak eman ditzan

Araba. 2025-03-18 | EH Bildu batzarkide taldeak Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatuaren agerraldia eskatu du gaur, Suhiltzaileen Foru Erakundearen arduradun gisa, bertako zuzendari kudeatzailearen kargu-uzteak irekitzen dituen aukeren inguruan azalpenak eman ditzan.

Azken albisteen arabera, Suhiltzaileen Foru Erakundearen zuzendari kudeatzaileak kargua bere borondatez utzi du, eta EH Bilduk jakin nahi du Erakundeak hemendik aurrera jarraituko duen ildoa.

Ez da ahaztu behar orain arteko zuzendari kudeatzailek hainbat polemika eragin dituela Suhiltzaileen Foru Erakundeko langileen artean, eta zuzendaritzaren eta langileen arteko harremana oso hondatuta zegoela gatazka horien ondorioz.

Hori dela-eta, EH Bilduk aukera gisa ikusten du emango den aldaketa eta espero du honek balio izatea momentu honetan guztiz geldirik dauden hainbat konturi irtenbidea bilatzeko, besteak beste aurrekontu-akordioan adostutako plantillaren handitzea, lan-hitzarmena sinatzea edota bete gabe dauden lanpostuak betetzea.

Horregatik guztiagatik, diputatuaren agerraldia eskatu du, hemendik aurrera Suhiltzaileen Foru Erakundearen zuzendaritzak izango duen jarrera eta lan-ildoak ezagutzeko asmoz.