EH Bilduk azalpenak eskatu ditu oporraldian egoitzetako lanpostuak ordezkatzeko arazo larriengatik


| 2022-09-13 18:50:00

Araba. 2022-09-13 | EH Bildu Arabako batzarkide taldeak salatu du aurten ere udako oporraldian errepikatu egin direla foru egoitzetan langileak ordezkatzeko arazoak.

Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkideak adierazi duenez, «IBFSko langileen batzordeak eta egoitza publikoetako langileek beste behin ere pairatu dute Foru Erakundearen antolaketarik eza udan». Desantolaketa hori langileek ordaindu dute, eta, horren ondorioz, egun libreak hartu ahal izango zituzten ezin jakin egon dira azken unera arte.

Erizaintzako laguntzaileek, erizainek, garbiketako langileek, sukaldariek eta laguntzaileek txanda bikoiztu behar izan dute, baita egun libreetan lan egin ere, lankideen bajak betetzeko, eta kasu batzuetan ez dira postuak bete. «Egoera horiek ohikoak izaten hasi dira udan eta Gabonetan. EH Bilduk sarritan salatu du oporraldietan errepikatu egiten dela praktika hori, baina uda honetan egiaztatu ahal izan dugunez, Foru Erakundearen erabakien ondorioa da plantillei lan gehiago ematea, berez oso justu dabiltzan kategoria profesional batzuetan, adibidez, erizaintzan», esan du Venceslaok.

«Nekea eta estuasuna»

Horri guztiari uda honetan bero-boladak eta COVID gehitu zaizkio, eta, beraz, egoitzetako profesionalak «nekatuta» daude, prokuradorearen arabera: «Aldundiak, beste behin ere, aurreikuspen falta du, eta lan handia areagotzen duten eta nekea eta estuasuna sortzen duten irtenbideak bilatzen ditu profesionalengan».

Horregatik guztiagatik, arloko diputatuaren agerraldia eskatu dute, egoeraren berri eman dezan, baita arazo horri irtenbidea emateko etorkizunean hartuko diren neurrien berri ere: «Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko profesional orok oporrak hartzea aurreikus dezaketen irtenbideak bilatu behar dira, ‘zaintzen duena zaintzea’ bezain erraza», ondorioztatu du Venceslaok.