EH Bilduk gaur bere borondate «argia» adierazi du aurrekontuen arloan akordio batera iristeko herrialdeko erronkei heltzeko. Helburu honekin, aste honetan bertan Arabako Ahaldu Nagusiari proposamen bat helarazi dio aurrekontuen negoiazioari horri ekiteko. Arabako Batzar Nagusietako bozeramailea den Eva Lopez de Arroyaberen bitartez egin du. Berak azpimarratu duenez, «Araba justuagoa, zerbitzu publiko gehiago eta hobeagoak, gure gazteari soluzioak emango dizkiona, bizitza duinak bermatzen dituena eta lurralde oreka eta trantsizio ekosozialaren bidean urratsak emango dituena. Hori da gure eskaintza».
EH Bilduk egin duen akordio globalerako proposamenaren baitan egin du EH Bildu Arabak eskaintza hori. EAEko gobernu nagusiek osatzen dute bi alderdiei, hau da, EAJ eta PSEri helarazi zaie proposamena. «Herri txiki bat gara, egungo erronka itzelak dira, eta eurei aurre egiteko ezinbestekoa da instituzio nagusien politikak elkarrekin norabide berdinean jotzea. Bakoitzaren errealitate eta eskumenen errespetu zorrotzetik baina lehiakortasunetik elkarlanera jo beharra daukagu erronka guzti horiei arrakastaz erantzungo badiegu», gaineratu du EH Bilduko bozeramaileak.
Etxebizitza-politika publikoei erabakitasunez heltzea eta LGS propio eta duina ezinbestekoak dira gazteen emantzipazioa bermatzeko. Zaintza politiken arloan, enpresek esparru horretan duten irabazi-asmoarekin amaitu behar da eta ezinbestean trantsizio ekosozialari heldu behar zaio. Eta horiek dira, hain zuzen, EH Bilduk negoziazio global honetan landu nahi dituen hiru ardatz nagusiak.
Xabi Valdor EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako prokuradoreak Arabako proposamenak zehaztu ditu. Guztira, lau eremu nagusi jorratzen dituzten 20 neurri dira. Etxebizitzaren arloan, EH Bilduk higiezinak erostea eta degradatutako eraikinak birgaitzea proposatu du, landa-eremuan etxebizitza soziala eta gazteentzako etxebizitza merkatuan jartzeko.
Zaintzen arloan honako hauek dira EH Bilduk egin dituen proposamenak: udal-eskumeneko baliabide gehiago abian jarri, plaza publiko berriak sortu eta gizarte-zerbitzuak jasotzeko kobratzen diren zenbatekoak handitu eta familiek baliabide pribatuetara jo behar dutenean egiten duten ordainketa arintzea. Hori guztia ahaztu gabe beharrezkoa dela sektoreko akordio bat lortzea egoitza pribatuetako langileentzat, eta behar-beharrezkoa dela itxaronaldiak nabarmen murriztea baloratzeko sisteman, sistema hori baita, berez, zerbitzu horiek jasotzeko atea.
Trantsizio ekosozialari dagokionez, EH Bilduk eskualdeko eztabaida-prozesuak abian jartzea proposatu du, energia berriztagarriaren hedapenean aurrera egiteko, kontrol publikoaren pean. Era berean, energia-sorkuntza banatua, autokontsumorako proiektuak eta biomasaren instalazioa bultzatzea planteatzen du. Halaber, mugikortasun jasangarria eta publikoa sustatzeko asmoz planteatzen du parke mugikor publikoa elektrifikatzea edo landa-eremuan elektrolinera-sare bat sortzea, tarifikazio-sistema bateratu eta progresiboa ezartzearekin batera, errentan eta garraio publikoaren erabileran oinarrituta. «Eta ezin da trantsizio ekologikoaz hitz egin arreta gure ekoizpen- eta elikadura-sisteman jarri gabe. Menu osasungarriez gain, lehen sektorean belaunaldien arteko erreleboa egiteko eta eskualdeko eraldaketa-zentroak bultzatzeko plan bat proposatu dugu», azaldu du Valdorrek.
Azkenik, Arabako lurraldearen berezitasuna kontuan hartuta, EH Bilduk tokiko erakundeen finantzazioa handitzearen aldeko apustua egin du, baita landa-eremua biziberritzearen alde eta Arabako Errioxarako plan estrategiko bati ekiteko premia larriaren alde ere bai.