AKTUALITATEA


| 2026-01-22 11:17:00

Eva Lopez de Arroyabe: «Asko izan dira kexak eta dena konponduta zegoela iragarri zen baina, gaur-gaurkoz, denak berdin jarraitzen du. Foru Aldundia ez bada gai zerbitzua bermatzeko, utz dezala toki erakundeen esku»

Araba. 2026-01-22 | EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari eskatu dio papera eta kartoiaren bilketa hobetzeko neurriak behingoz har ditzala. Izan ere, arazoa bazen aurreko enpresarena, EH Bilduk ez du ulertzen zergatik behin beste enpresa bati esleituta, jarraitzen duten arazoek. Horrela jasota dago hurrrengo kontrol osoko bilkuran Foru Gobernuari egingo zaion galdera batean. Ildo berean, EH Bilduk jakin nahi du zer egin duen Foru Aldundiak papera eta kartoia biltzeko zerbitzuan dauden arazoak eta gabeziak behin betiko konpontzeko eta zer iritzi duen diputatuak papera eta kartoia biltzeko Garbialdi enpresa eskaintzen ari den zerbitzuari buruz.

Izan ere, aste honetan bertan egin den bilera batean, Foru Aldundiak esan du arazoak konpondu direla eta aurreko asteotan zein hilabeteotan egon diren kexak salbuespenekoak izan direla. Lurraldeko hainbat alkatek eta kuadrilla presidentek, aldiz, ez dute iritzi bera. Atzo bertan azaldu zuten bezala, arazoa ez da konpondu eta kartoia eta papera pilatzen ari da lurraldeko edukiontzien inguruan, inolako kontrolik gabe. Iritzi horixe bera dute 18 alkatetzak eta hiru kuadrillak.

Era berean, duela sei hilabete promesa berberak egin zituztela gogoratu zuten eta, sei hilabete pasa ostean, ez dela ezer konpondu azpimarratu dute. «Zeintzuk dira Foru Aldundiak promesa hauek betetzeko jarriko dituen bermeak?», galdetu zuten. Eta galdera zehatz horren aurrean, gaur-gaurkoz, Arabako Foru Aldundiak ez du erantzunik.

«Asko izan dira kexak eta dena konponduta zegoela iragarri zen baina, gaur-gaurkoz, denak berdin jarraitzen du. Foru Aldundia ez bada gai zerbitzua bermatzeko, utz dezala toki erakundeen esku», esan du Eva Lopez de Arroyabe Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak.