AKTUALITATEA


| 2021-11-12 12:32:00

EH Bilduk gaur “Landa eremua Abagune” proposatu du, 500 biztanletik beherako Arabako 450 landa-gune birgaitzeko, berritzeko eta biziberritzeko plan berezia. Izan ere, Arabako Lurralde Historikoaren erronka handienetako bat despopulazioari aurre egitea da, bereziki hegoaldeko eskualdeetan. UPV/EHUk berriki egindako azterlan baten arabera, hiru landa-gunetik bat jendez husteko arrisku larrian dago.

Landa-nukleo horiei tresnak emateko, EH Bilduren ustez, azterketa diagnostiko zehatza egin behar da herriz herri, landa-gune bakoitzaren beharrak, kezkak, ahalmenak eta itxaropenak aztertzeko, gero bakoitzak bere ibilbide-orria definitu ahal izateko. Javier Argote EH Bilduko prokuradoreak eta Ruth Ibisate Arabako EH Bilduko Udalgintzako arduradunak proposamena azaldu dute Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian.

“Lurraldeko 53 udalerriak osatzen dituzten guneek – 450 baino gehiagok- ez dute inoiz izan azterketa-diagnostiko xehaturik. Funtsezkoa iruditzen zaigu datu horiek izatea, gero bakoitzak bere ibilbide-orria definitu ahal izateko, bere gabeziak eta ahalmenak kontuan hartuta, gero bere gabeziak konpondu eta bere baliabideak balioztatu ahal izateko”, zehaztu du Ruth Ibisatek.

Lehenengo fasean, EH Bilduren asmoa da hainbat aspektu aztertzea, hala nola hiriguneak, etxebizitza, zerbitzu publikoak, merkataritza-sarea, ekipamendu- eta lan-espazioak, mugikortasuna, energia- subiranotasuna eta ondare historikoa, artistikoa eta kulturala.

“Etxebizitzaren gaiak garrantzi berezia du. Kasu horretan, etxebizitza hutsaren azterketa egitea proposatzen dugu, eta, bizitegi-hazkunde berriren bat baino lehen, etxebizitza hori birgaitzeko eraikitakoari erreparatzea. Gainera, uste dugu aztertu egin behar direla etxebizitza bihurtzeko aukera duten eraikuntzak, hala nola bordak edo lastategiak, bai eta eraiki daitezkeen beste espazio batzuk ere, hala nola larrainak. Hori guztia, alokairuko landa-etxebizitzaren plana abian jartzeko beharra ahaztu gabe”, azaldu du Javier Argotek.

Proposatutako neurrietako batzuk dira zerbitzu publikoak berrikustea eta eguneratzea; merkataritza-zerbitzuak ezartzeko baliabideak egokitzea; kultura, kirol eta aisialdi-eremu gisa erabil daitezkeen lokalak eta lurzoruak aztertzea; energia-kontsumo kooperatiboko instalazioak bultzatzea edo kultura, arte eta arkitektura-ondarea balioan jartzea.

Plan hau egitea Arabako Foru Aldundiari dagokio, gainerako erakundeekin elkarlanean eta tokiko erakundeen parte hartzea bermatuz. Plana datozen bi urteetan egingo da (2022-2023) eta Arabako Foru Aldundiak finantzatuko du. Ondoren, toki entitate bakoitzak bere ibilbide orria eginen du, bere guneko azterlan zehatzetan eta bere planean jasotako ondorioetan oinarrituta.