EH Bildu Zigoitiak gobernu taldearekin akordioa lortu du zenbait udal-tasetan aurreikusitako igoera arintzeko. Udal gobernuaren bere hasierako proposamena honakoa zen: %5eko igoera OHZ-n (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga), EJZ-n (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga) eta TMIZ-n (Ibilgailu Mekanikoen gaineko Zerga) eta akordioaren ondorioz, %3ko igoera batera jaistea onartu du.
Akordio hau urriaren 20ko osoko bilkuran izandako eztabaidaren ostean etorri da. Bertan, EH Bilduk proposamen justuagoa eta orekatuagoa aurkeztu zuen, EAJk defendatutako % 5eko igoeraren aurrean, historikoki bultzatu ditugun hobari sozialekin dugun konpromisoa berretsiz.
Zorroztasun eta gardentasun instituzional faltaren salaketa
Osoko bilkura berean, EH Bildu Zigoitiak berriro salatu zuen publikoki behin eta berriz ikusten ari garen inplikazio eta zorroztasun politiko faltaren jarrera, bai batzordeetan bai osoko bilkuretan ere.
Oposizioko talde garen heinean, gure betebeharra da lan egitea, elkarlana sustatzea eta udalak egiten duen jardueraren gaineko kontrol lana gauzatzea. Hala ere, funtzio hori zaildu egiten da beharrezko informaziora sarbide falta dagoelako.
Kezka handiz ikusten dugu erakundeen aldetik dagoen axolagabekeria instituzionala eta errespetu falta, ez soilik korporazio honen aurrean, baizik eta herritarren eta udal talde guztien aurrean ere. Egoera hori agerian geratzen da, besteak beste, batzorde eta osoko bilkurei dagozkien dokumentuak bidaltzeko aurreikuspen eta gardentasun faltan.
Etengabe gertatzen da dokumentazioa ostiral arratsaldeetan bidaltzea, bilerak egin baino ordu gutxi batzuk lehenago, eta horrek ezinezkoa egiten du aztertu eta eztabaidatu behar ditugun espedienteak behar bezala lantzea. Praktika horrek oinarrizko parte-hartze demokratikoaren eta seriotasun instituzionalaren printzipioak urratzen ditu.
Horregatik guztiagatik, berehala neurriak hartzea eskatzen dugu, informazioa behar bezalako aurrerapenaz eta errespetuz jasotzea bermatzeko. Horrela bakarrik bermatuko da udalaren funtzionamendu demokratikoa eta herritarren zerbitzura dagoen kalitatezko jardun politikoa.