AKTUALITATEA


| 2024-11-04 12:53:00

Arabako Foru Aldundiak prezio-indizeen sistema propioa garatzeko erraztasunak ematea nahi du EH Bilduk, bai eta etxebizitza eskubidea gauzatzen lagunduko luketen programak martxan jartzea ere, toki entitateekin elkarlanean

Araba. 2024-11-04 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak ahaldun nagusia interpelatuko du azaroaren 6ko Kontroleko Osoko Bilkuran, etxebizitza eskubidea bermatzeko Foru Gobernuak egin asmo duenaz jakiteko.

Interpelazioaren azalpenean, Hego Euskal Herriko datuak eman ditu EH Bilduk, Europako emantzipazio-tasa baxuena izatearen arrazoi gisa: «Alokairuaren prezioa etengabe ari da goraka, eta azken zazpi urteetan batez beste % 26 igo da. Milaka dira Etxebiden izena emanda dauden pertsonak babestutako etxebizitza bat alokairuan hartzeko zain. Gazteei dagokienez, are larriagoa da egoera; izan ere, 34 urtez azpiko gazteek, batez beste, soldataren % 52 bideratu behar dute etxebizitza bat alokatzera, eta soldataren % 57 etxebizitza bat erostera. Hamarkada batean, emantzipazio tasak 13 puntu egin du behera, % 45,4tik % 32,9ra (2022)».

Egoera horren aurrean, neurriak lehenbailehen hartzea ezinbestekoa dela uste du EH Bilduk, eta inola ere ez dela nahikoa Diputazioa abalista gisa aurkeztea, horrek egoera behin-behinean baino ez lukeelako konponduko orain dela hamar urteko krisialdiko akatsak errepikatuta, irtenbide definitibo baten kaltetan. «Arazo estruktural baten aurrean gaude eta herri honen instituzio nagusi guztiak norabide berdinean lanean jartzea ezinbestekoa zaigu irtenbide bat bilatu nahi badiogu, behintzat», esan du Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Arabaren bozeramaileak.

Ildo horretan, EAEko Legebiltzarrean 2015ean onartutako Etxebizitza Legea ekarri du gogora Lopez de Arroyabek, egoerari irtenbidea emateko tresna gisa, ez baitu ia garapenik izan.

Foru Gobernuaren asmoak

Hala EH Bilduk Ahaldun Nagusiari eskatu dio argitu dezala ea Arabako Foru Aldundia prest dagoen, herrialdean dugun bizitoki-larrialdiaren aurrean, agente aktibo bat izateko. Ildo berean, eskatu diote argitu dezala ea Foru Aldundiak lagunduko ote duen prezio-indizeen sistema propioa garatzen, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailera Arabako datuak behingoz helaraziz. Azkenik, etxebizitza eskubidea gauzatzen laguntzeko asmorik ba ote duen galdetu diote, toki entitateekin elkarlanean.

«Momentuz, indarrean dauden politikek ez dute etxebizitzarako eskubide subjektiboa gauzatzeko ahalmenik izan. Are gehiago, ez-nahikoak izateaz aparte, askotan etxebizitza jabe-handiei bideratutakoak izan direlako sentsazioa dago zabalduta», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.