Arabako Mendialdea. 2023-09-27 | EH Bilduk akordioa lortu du Kanpezuko eta Urizaharreko alderdi independenteekin datozen lau urteetan Arabako Mendialdeko Kuadrilla gobernatzeko. Akordio horren ondorioz, Kuadrillako presidentearen figura kudeatzaile bakar gisa kenduko da, eta sei lan-eremu sortuko dira. Presidentzia Eduardo Ruiz de Loizagaren (Kaixo) esku geratuko da eta EH Bilduko ordezkariek sei lan esparru horietako hiru hartuko dituzte beren gain: sustapen ekonomikoa eta turismoa (Rafa Nuñez - Arraia-Maeztu), ingurumena (Urtzi Gaintzarain - Lagran) eta kultura eta euskara (Unai Saez De Ocariz - Bernedo).
Rafa Nuñezek, EH Bilduk Arabako Mendialdeko Kuadrillan dituen hiru ordezkarietako batek, historikotzat jo du akordioa. "Lehen aldiz, EAJ-PNVk gure eskualdearentzat funtsezkoa zen erakunde baten kontrola galduko du; inertziak pilatu ditu eta orain erronka garrantzitsuei heldu behar die premiaz, hala nola despopulazioa, trantsizio energetikoa, nekazaritzako elikagaien eredu iraunkor eta bideragarri berri baterantz aurrera egitea eta kalitatezko zerbitzuak emateari ekitea", zehaztu du Nuñezek.
EH Bildu, Kaixo eta AMI-ko ordezkariek sinatutako akordioan hurrengo legegintzaldian jorratu beharreko zortzi ardatz jasotzen dira. Horien artean nabarmentzekoak dira energia-komunitateak bultzatzea, ekonomia zirkularra eta konpostajean aurrera egitea, Mendialdeko eraldaketa-zentroa bultzatzea, turismo integraleko estrategia bati ekitea, Arabako Mendialdeko oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta laguntza-baliabideak indartzea, adinekoentzako egoitza publikoa bultzatzea, eskualdeko gizarte-eragileei eta kultura-eragileei laguntzea eta kuadrillaren beraren kudeaketan parte hartzea.