AKTUALITATEA


| 2023-02-08 12:14:00

EH Bilduk erakundeei eskatu die modu proaktiboan jardun dezatela Aiaraldeko jarduera industriala mantentzearen alde eta kalitatezko enpleguaren alde ehun ekonomikoan, eta, bereziki, eskualdean estrategikoak diren proiektuetan. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Aiaraldeko Eskualdeko Plan Estrategikoaren lanak arintzeko, ahalik eta lasterren aktibatzeko eskualdearen berraktibazio ekonomikorako beharrezko neurriak.

Glavista-Autoglas enpresaren aurrean egin ditu EH Bilduk eskaera horiek. Izan ere, urtarrilaren 19an, enpresaren zuzendaritzak hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zirela jakinarazi zion enpresa-batzordeari. Bestalde, urtarrilaren 11n, Madre Mercedarias enpresak Ibarrako zentroko langileei jakinarazi zien zerbitzua 2023ko abenduaren 31n eteteko asmoa zuela, inork erosten ez badu. Azkenik, urtarrilaren 16an, Talleres Abasolo enpresako langileek greba mugagabea hasiko zutela iragarri zuten, langileak oso egoera zailean daudelako; izan ere, urte luzeko soldata-atzerapenen ondoren, 4 hilabeteko nomina-zorra pilatu dute.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk elkartasuna adierazi die kaltetutako langileei, eta enpleguaren eta eskualdearen etorkizunaren alde deitutako ekimenak eta mobilizazioak babesteko deia egin du. Irune Iturbe eta Aitor Burgoa EH Bilduko ordezkariek Amurrioko eta Laudioko udaletan, hurrenez hurren, nabarmendu dutenez, hiru iragarkiak kolpe latza dira Aiaraldeko industria-ehunarentzat eta enpleguarentzat, enplegu eta zerbitzu asko galdu direlako eta eskualde horretako bi produkzio-zentrotan jarduera murriztu delako. Samuel Pasandin Orozkoko EH Bilduko zinegotzia ere agerraldian izan da.