Proiektuak hiru planta fotovoltaiko, 310.000 eguzki-panel eta nekazaritza balio handiko 373 hektarea okupatzea aurreikusten du, baita Araba zeharkatuko duen 101 km-ko goi-tentsioko linea bat ere
Araba. 2024-05-21 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak Diputatu Nagusiari egin beharreko interpelazio baten berri eman du gaur prentsa agerraldian: Diputatu Nagusiari eskatuko diote posizio argia adieraztea eta eman beharreko pausoak zehaztea Solariak proiektatutako Solaria Zierbena Solar proiektuei buruz.
Enpresak aurreikusitako proiektuaren araberan, hiru planta fotovoltaiko egingo dira Erriberabeitia, Iruña Oka, Gasteiz eta Zigoitiko lurretan. Bertan ekoitziko den elektrizitatea, aldiz Zierbenaraino eramango litzateke 101 kilometroko goi-tentsioko ebakuazio linea baten bitartez. Linea horrek Araba iparraldetik hegoaldera zeharkatuko luke honako herrietatik: Erriberagoitia, Erriberabeitia, Iruña Oka, Gasteiz, Zuia, Urkabustaiz, Amurrio, Aiara eta Okondo
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu batzarkide-taldearen bozeramaileak adierazi du aurreikusitako proiektuak ez duela zentzurik: «Erabateko zentzugabekeria da: Aragoin ekoizten den energia Arabako estazioetara iritsiko da, eta Araban sortu nahi dutena Bizkaiko Zierbenara eramango dute. Gure ustez, energia lurraldea errespetatzen duen eredu baren arabera ekoitzi behar da, eta ekoizpen hori kontsumo-puntuetatik ahalik eta hurbilen egin behar da».
Gainera, proiektuak nekazaritza-balio estrategiko handiko lurrak hartuko lituzke, bereziki Zigoitian, non aurreikusitako 111 hektareatatik, 54 hektarea dira balio handiko lurrak. Xabier Valdor EH Bildu Arabako batzarkideak eman ditu azalpenak: «Proiektuak, momentu honetan diseinatuta dagoen moduan, balio estrategiko altuko lur ugari okupatzen ditu eta kontserbazio bereziko eremuetan eragin zuzena dauka. Komentatu den moduan, Arkamu edota Baia ibaiaren kasuak dira horren adibide». Atzo bertan Zigoitiko osoko bilkuran proiektuaren aurkako mozioa onartu zen, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin.
Azpiegitura geldiarazi
Hala EH Bildu Araba batzarkide-taldeak Diputatu Nagusiari eskatuko dio azal dezala zer nolako urratsak emango dituen proiektu hau balio handiko lurretan egin ez dadin, baita ebakuazio azpiegitura horiek geldiarazteko zer asmo duen ere. Era berean, Ahaldun Nagusiak Eusko Jaurlaritzaren aurrean egingo dituen jardueren berri emateko ere eskatuko diote, eta herritar eta agente sozialekin eztabaida prozesu sakon eta serio bat martxan jartzeko.
Lopez de Arroyabek EH Bilduren jarrera argia azaldu du: «EH Bildutik urteak daramatzagu trantsizio energetiko bidezkoa eta orekatua eskatzen, bai lurraldearekin, bai bertan bizi eta lan egiten dutenekin, eta helburu horrekin aurkeztu genuen orain dela hiru urte Araba Zero Karbono. Kokapen eta proiektu zehatzak proposatu genituen, hala nola Elgea eta Badaia birpotentziatzea, Noryesteko baltsa hondatua erabiltzea plakak jartzeko, edo Laminorian erabiltzen ez diren meategietan. Orain, proiektu horiek guztiak baloratzen ari dira edo martxan daude. Araba Zero Karbonok proposamen irekia izaten jarraitzen du, eta esertzeko, eztabaidatzeko eta adosteko eskatzen diegu alderdi guztiei, nahiz eta foru gobernuaren aldetik inoiz ez dugun erantzunik jaso».
«Inork ezin du zalantzan jarri larrialdi klimatiko batean gaudela, eta horri erantzutea da XXI. mende honetarako dugun erronka handienetako bat. Oso urrun gaude deskarbonizazioaren eta energia berriztagarrien hedapenaren arloko edozein helburu lortzetik, eta horrelako egoera batean, Eusko Jaurlaritzak erabateko utzikeria egin die bere erantzukizunei, eta Araba ari da ondorioak ordaintzen. Lurralde antolaketa, planifikazioa, naturaren babesa, interes orokorraren defentsa, parte-hartzea eta energia-baliabideen demokratizazioa dira EH Bilduren proposamena gidatzen duten irizpideak. Horretan jarraituko dugu», amaitu du Xabier Valdorrek.