Larragorri proiektuaren inguruan dagoen informazio eskasaren aurrean, EH Bildu Aiaraldeak elkarlana sustatzeko deia egin die Orozko, Amurrio eta Laudioko Udalei. Ildo horretan, eskatu die hiru udalek elkarrekin Capital Energy eta Jaurlaritzarekin elkarrizketak abiatu eta egitasmoaren inguruko zehaztasunak eta asmoak jaso eta herritarren eskuetan jarri ahal izateko.
Izan ere, urtarrilaren 15ean Jaurlaritzak aldeko Ingurumen-inpaktuaren adierazpena onartu zuen baina bertan enpresak bete beharreko baldintzak zehazten zituen. Orain, lau hilabete geroago, maiatzaren 5ean, Eusko Jaurlaritzak aldez aurreko administrazio-baimena onartu du. Hemendik aurrera Jaurlaritzak egitasmoari dagokion Plan Berezia egin beharko du eta enpresak bere egitasmoa ingurumen-inpaktuaren adierazpenean jasotako baldintzei egokitu beharko luke.
EH Bilduk ohartarazi duenez, urrats horiek eman ezkero, Udalek erabat mugatua ikusiko dute egitasmoan eragin edota gelditzeko aukerak. Gauzak horrela EH Bilduk berriro ere dei egiten dio Eusko Jaurlaritzari bere ardura bete eta berriztagarrien hedapena ordenatzeko daukan eskumenari heldu diezaion udalen gain utzi gabe bere utzikeriak sortu duen anabasaren ondorioak.
Larragorriri dagokionean, EH Bilduk esana dauka ez duela proiektu honekin bat egiten, izan ere, gaur gaurkoz, egitasmoak ez ditu betetzen bere ikuspegitik eskala handiko egitasmoek bete beharko lituzketen baldintza minimoetatik bat bera ere.
Izapidetze gardena eta garbia izatea; sustatzaileak, hasieratik toki-eskualdeko administrazioaren eta herritarren deliberazioen ondoriozko ekarpenak aintzat hartzea; sortzen den elektrizitatea inguruko kontsumitzaileei prezio justuan eskaintzea, jabegoa konpartitzeko eskema ausartak planteatzea eta parte hartze publiko-komunitario ahalik eta handiena sustatzea dira EH Bilduk ezarri dituen baldintza minimoak.