AKTUALITATEA


| 2022-11-25 11:36:00

Araba. 2022-11-25 | EH Bilduk Arabako herri txikiak biziberritzeko ABAGUNE plana aurkeztu zuen atzo Izarran, hainbat kontzejutako herritarren aurrean. Udalerrietako hiri antolamendurako plan orokorrekin parekatu zuten, eskala txikiagoan.

EH Bildu Arabako batzarkide Eva Lopez de Arroyabek azaldu zuen ABAGUNE planaren helburua dela «Arabako herri txikiak eta bertan bizi direnak ahalduntzea, eta herrialdean ematen diren zerbitzuak berdintzea», hiri-eremuan eta landa-eremuan bizi direnak maila berean ipintzeko. «Orain da unea neurri anbiziotsuak hartzeko herri txikiak biziberritzeko bidean, Diputazioaren atal guztiak inplikatuta eta herritarren parte-hartzea aintzat hartuz», erantsi zuen.

Javier Argote batzarkideak azaldu zuenez, ABAGUNE plana udalerrietan aplikatzen diren hiri antolamenduko plan orokorren parekoa izango litzateke. Beraz, planak hainbat maila izango lituzke, eraginaren arabera. Hala, kontzeju maila, kontzeju artekoa edota kuadrilla mailak bereizi zituen, planaren irismena kontuan hartuta. Argotek azaldu zituen planaren lau faseak, eta nabarmendu zuen plana egiteko ardura Arabako Foru Aldundiarena dela, baita herriz herri hartutako erabakiak errespetatzeko konpromisoa ere.

Landu beharrekoak

Ruth Ibisate EH Bildu Arabako udalgintza arduradunak azaldu zituen planak jorratu beharko lituzkeen arloak, eta bereziki nabarmendu zituen etxebizitza, gazteria, lehen sektorea eta mugikortasuna, lau arlo horiek nabarmendu baitzituzten ABAGUNE plana osatzeko bileretan parte hartu zuten 111 lagunek.

Etxebizitza berriak eraiki beharrean, daudenei erreparatu behar zaie, eta horiek eraberritzeko inbertsioak egin beharko lirateke, beharrak aztertuta. Horrek eragingo luke, besteak beste, gazteria herri txikietara erakartzea, eta kontzejuetako bizimoduan inplikatzea. Lehen sektorearen eta landa-eremuaren arteko berezko lotura aipatu zuen Ibisatek, eta herri-lurrak nekazaritza edota abeltzaintzara bideratzea planteatu zuen aukera gisa. Garraio zerbitzuak ere bermatu behar dira herrien arteko lotura sustatzeko, herrialdea bera kohesionatu eta desorekak saihesteko modu gisa.