AKTUALITATEA


| 2022-12-12 11:40:00

Araba. 2022-12-12 | Arabako aurrekontuetarako 23 milioi euroko zuzenketak aurkeztu ditu gaur EH Bildu Arabak, 89 partida ezberdinetan. Horrez gain, osoko emendakina ere aurkeztu dute, «Arabak behar duen norabide aldaketa ez duelako jasotzen 2023ko aurrekontu proiektuak», Kike Fernandez de Pinedo taldearen bozeramailearen esanetan. 

Norabide aldaketa horrek hiru ardatz nagusitan izan beharko luke isla, EH Bilduren ustez: gizarte ongizatearen bermea, politika fiskal bidezkoagoa eta Arabaren eraldaketa sozioekonomikoa. Hiru ardatz horiek oinarri hartuta proposamena aurkeztu zioten Ramiro Gonzalezen gobernuari, baina Gobernuak ez zuen izan negoziatzeko borondaterik, EH Bilduren esanetan. «Hasieratik bertatik susmatu genuen borondaterik ez zegoela, berandu iritsi baitzitzaigun aurrekontuei buruzko lehen bilera egiteko gonbidapena. Prozesu hauek denbora behar izaten dute», adierazi du Fernandez de Pinedok.

Partidaz partida

Beraz, osoko emendakina aurkeztea erabaki du EH Bilduk, baina baita 83 emendakin ere. Horien artean, nabarmentzekoak dira aipaturiko hiru ardatz estrategikoetan aurkeztutako proposamenak, baita bestelakoak ere, hala nola San Prudentzion plazak gehitzea, zaintza-sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea edota doako garraio publikoa 12 urtetik beherakoentzat.

Aberastasunaren banaketaren arloan, ondare-zergaren ezkutu fiskala ezabatzea planteatu dute, baita deflaktazioa aplikatzea ere errenta baxuenetan. Eraldaketa sozioekonomikoaren arloan, komunitate energetikoak sortzeko laguntzak handiatzea eskatu dute, foru-eraikinak energiaz hornitzeko planarekin eta plan agroalimentario bat sustatzearekin batera. Aiaraldea sozioekonomikoki berraktibatzeko plana ere proposatu dute, bertako industria berpizteko modu gisa.

Azkenik, Arabako herri txikiak biziberritzeko plana proposatu dute eta, Madrilen lortutako akordioaren ildotik, Martxoaren 3ko memoriala sustatzeko diru-partida handitzea eskatu dute. Finantzazioa handitzea planteatu dute euskaran, berdintasunean eta garapenerako lankidetzan ere.

 

 

ARLOZ ARLOKO PARTIDA NABARMENAK

  • Lehendakaritza

Martxoaren 3ko memorialaren partida 100.000 €-an handitzea

Garapenerako lankidetzako partida % 0,7raino igotzea

Berdintasun zerbitzuko eta Euskarako partidak handitzea indartzea: 265.000 €

BasqueVolt sustatzea: 1.000.000 €

Aiaraldeko sukalde zentrala sustatzea: 1.000.000 € (1.500.000 €-ko konpromiso-kreditua)

  • Ogasuna

Ondare Zergaren ezkutu fiskala kentzea: 6.000.000 €

PFEZen kapital errentak lan errentekin fiskalki parekatzea: 15.000.000 €

Deflaktazioa soilik errenta tarte baxuenei aplikatzea: 200.000 €

  • Nekazaritza

UZTARABA, Arabako plan agroalimentarioaren garapena: 1.000.000 € (1.500.000 €-ko konpromiso-kreditua)

  • Ingurumena

Energia-autokontsumoa eta komunitate energetikoak sustatzea: 2.500.000 €

Nekazaritzako konpostaje-plana abiaraztea: 400.000 €

Kuadrilletako gaikako bilketa sustatzea: 1.000.000 €

Arabako ur-masen egoera hobetzea: 500.000 €

  • Lurralde oreka eta ekonomia garapena

ABAGUNE Arabako herriak biziberritzeko plana: 950.000 €

Kontzejuen finantzazioa hobetzea: 3.330.000 €

Udalen finantzazioa hobetzea: 1.000.000 €

  • Bide azpiegiturak

Garraio publikoaren doakotasuna 12 urtetik beherakoentzat: 350.000 €

Gurpiletarako renove plana: 400.000 €

  • Kultura

Tokiko kultur emanaldiak sustatzeko programa: 150.000€

Natur Zientzien museoaren proiektua: 100.000€

  • Gizarte zerbitzuak

San Prudentzion plazak gehitzea: 1.500.000 €

Gizarte bazterketan daudenentzako baliabideak: 600.000 €

GOFE langileak gehitzea : 2.000.000 €

Erresidentzia pribatuen lan hitzarmena: 1.000.000 €

Hirugarren sektore sozialaren lan baldintzak hobetzea: 800.000 €