AKTUALITATEA


| 2020-06-16 09:39:00

Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkurak EH Bildu-ren mozio bat eztabaidatuko du asteazken honetan, eta bertan, Foru Aldundiari eskatu dio toki-erakundeek dituzten soberakinak erabiltzeko baimena eman dezala, udalek behar diren inbertsio sozialak egin ditzaten COVID-19ren ondorioei aurre egiteko.

Horrez gain, Javier Argote prokuradoreak defendatuko duen mozioan, 2020ko aurrekontuetan toki-erakundeei zuzendutako finantzaketa-lerro guztiak zabaltzeko eta indartzeko ere eskatuko zaio Aldundiari.

Azkenik, EH Bildu-k beharrezkotzat jo du Aldundiak, diru-bilketaren murrizketaren ondorioz Arabako toki entitateek FOFELen diru-sarreretan izango duten jaitsiera handia arintzeko asmoz, Foru Aldundiaren eta toki entitateen artean egon daitezkeen irtenbideak adosteko bitartekoak martxan jartzea.

"Ekarpen Legea berritu gabe dagoenez eta Toki Erakundeen Legean aurreikusitako finantzaketa-sistema berria garatu gabe dagoenez, ezohiko neurriak hartu behar dira toki-erakundeei finantzaketa egokia bermatzeko", ondorioztatu du Argotek.